Gizartea -
Colorado iparraldean izan da
Kartzela zigorra Facebooken zebilen bitartean semea itotzen uzteagatik
10 urteko kartzela zigorra ezarri diote emakumeari 13 hilabeteko semea bainuontzian uretan zaintza barik utzi, eta bera Facebooken jolastera joateagatik
Erredakzioa
Colorado iparraldeko (EEBB) 34 urteko emakume bati 10 urteko kartzela zigorra ezarri diote 13 hilabeteko semearen heriotzaren arduraduna izateagatik. Haurra bainuontzian uretan sartuta utzi zuen berak Facebook sare sozialean jolasten zuen bitartean.
The Sydney Morning Herald egunkari australiarrak jasotzen duenez, Shannon Johnsoni arduragabekeria delitua egotzi diote eta 10 urteko kartzela zigorra bete beharko du. Thomas Quammen, kasua daraman epaileak zehaztu du ez duela uste Johnson "pertsona txarra" denik, ezta semea "nahita" hil zuenik ere, baina hori horrela izan arren, kasua epaitu egin behar zela gaineratu du.
Istripua 2010eko irailean gertatu zen. Emakumeak 13 hilabeteko semea bainuontzian sartu zuen bainu bat emateko asmoz, baina tarte batean uretan sartuta uztea erabaki zuen, zaintzarik gabe, berak beste gela batean Facebooken jolasten zuen bitartean.
Bainugelara itzuli zenean, antza, haurra buruz behera uretan aurkitu zuen. Larrialdietara deitu zuen eta medikuek haurra suspertzea lortu zuten arren, Denverreko erietxera iristerakoan haurra hil egin zen. Autopsiaren arabera, haurrak garuneko lesio bat izan zuen, bihotz-geldialdi baten ostean.
Polizia txostenak jasotzen duenez, amak gertaeraren ondoren esan zuen haurra bainuontzian bakarrik utzi zuela "oso burujabea" zelako, onartu zuen dena den, egun horretan bainuontzian ohi baino ur gehiago zegoela, baina momentu horretan ez zela konturatu.