Gizartea -

Euskal Eskola Publikoan

Esperientzia hirueledunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu

Joan den ikasturtean, deialdia berria zenez, berandu xamar atera zen, eta ikastetxeek proiektuak onartzeko dituzten mekanismoak diren modukoak direlako, hainbat ikastetxe ez ziren garaiz iritsi.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Eskola Publikoak "aurreikuspen guztiak" gainditu ditu datorren ikasturtean Hezkuntza Marko Hirueledunean parte hartzeko irekita zegoen eskabide-epea apirilaren 15ean bukatu ondoren. Datorren ikasturtean gauzatuko dira eskabide hauek, ikasturte honetan 40 ikastetxe daudelarik esperientzia honetan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik adierazi dutenez, iaz hasi ziren 16 ikastetxe publikoek jarraipena eskatu dute eta horiei datorren ikasturterako eskaria egin dutenen artetik aukeratuak izango direnak gehituko zaizkie: ia 50 ikastetxe gehiago.

Joan den ikasturtean, deialdia berria zenez, berandu xamar atera zen, eta ikastetxeek proiektuak onartzeko dituzten mekanismoak diren modukoak direlako, hainbat ikastetxe ez ziren garaiz iritsi deialdi barruan eskaria egitera.

Oraingoan, ordea, ez da hori gertatu eta "aurreikuspen guztiak" gainditu dira, lurraldeak eta ikastetxe-motak modu orekatuan jasotzen direlarik. Horrela, hirietan dauden ikastetxe handiak, hala nola Donostiako Amara Berri edo Durangoko Landako, edota herri txikiagoetakoak, esaterako, Gipuzkoako Aduna LHI.

Jakina denez, Hezkuntza Marko Hirueledunaren esperimentazio-aldia ikasturte honetan hasi da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 40 ikastetxerekin, publikoak eta itunpekoak. Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailan hasi da; talde hauek 2011-2012 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 5. mailan eta DBHko 2. mailan egongo dira, hurrenez hurren. Ikastetxe berriek Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta DBHko 1.mailan hasiko dute proiektua.

Hezkuntza Marko Hirueleduna zabala eta malgua da, eta bertan parte hartuko duten ikastetxeen kopurua ehun ingurukoa izango da. Proiektu hau hizkuntza-modernizazioaren ardatz nagusia da eta bertan hiru hizkuntzak (euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza) aldi berean ikasgai eta ikasbide gisa erabili behar dira gutxienez asteko 5-6 ordu edo saiotan.

Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua "oso pozik" agertu zen joan den apirilaren 1ean itunpeko irakaskuntzako patronal guztiekin hirueletasuna sustatzeko Protokoloa sinatu zuenean. Itunpeko ikastetxeak euskal hezkuntza sistemaren %50 dira eta orain beste erdia osatzen duen sare publikoko ikastetxe multzo esanguratsu bat gehituko zaio.

Ikastetxe publikoetako eskariek era askotako lagin zabala osatzen dute, eta hori "oso baliotsua" izango da proiektuaren ebaluazioa egin eta gero beharrezko ondorioak ateratzeko gaur egungo hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta hobetuko duen proposamen adostu bat burutu ahal izateko.

"Sare publikoko eskari multzo handi honek berretsi eta indartu egiten du Hezkuntza Sailaren proiektu estrategiko hau, sindikatu nazionalisten kontrakotasun gogorra gaindituz. Egin duten kontrako kanpaina oso bortitza izan den arren, ikastetxeek oso modu egokian erantzun dute, beren ikasleen eta hezkuntza-komunitateen interesa lehenetsiz aurkakotasun estrategien gainetik", nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea