Gizartea -

Mundu eguna

Jaurlaritzak edoskitze naturala sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du

Ama Esnea Emateko Mundu Egunaren harira, Jaurlaritzak jakinarazi du Ama Esnearen Bankuak eskari osoari erantzutea lortu duela, 2017an sortu zenetik 3.000 biberoitik gora banatuta.

Ama edoskitzen. Argazkia: CCO lizentzia
Ama edoskitzen. Argazkia: CCO lizentzia
Ama edoskitzen. Argazkia: CCO lizentzia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ama Esnea Emateko Mundu Eguna da gaurkoa, maiatzaren 19a, eta horren harira, Eusko Jaurlaritzak Ama Esnearen Bankua sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi eta balantzea egin du.

Izan ere, 2017an sortu zenetik, 3.000 biberoitik gora banatu omen ditu, eskari guztiari erantzun omen dio.

Edoskitze naturalaren aldeko neurri gisa jarri zuen martxan Jaurlaritzak Ama Esnearen Bankua, "nutrizio-balio paregabea duen elikagaia" delako.

Hasieratik eta egun arte, 152 amak parte hartu dute: 80k Bizkaian, 37k Gipuzkoan eta 35ek Araban. Guztira, 622 litro giza esne jaso dituzte eta, horiekin, 3.173 biberoi prestatu dira; horrela, une oro erantzun ahal izan omen zaie neonatologiako unitate guztien beharrei.

Ama Esnea Emateko Mundu Eguna dela eta, Nekane Murga Osasun sailburuak jendaurrean eman nahi izan dizkie eskerrak esnea eman duten emakumeei: "Ni eta euskal gizarte osoa oso harro gaude, emakume hain altruistak eta solidarioak izatearren, beren denbora eta ahalegina eskaintzen dituzten emakumeak izatearren; izan ere, horrela, behar duten haurrei laguntzen diete, Euskadiko Ama Esnearen Bankuaren bidez. Nire aintzatespena, halaber, hori posible egiten duten emaginei eta erizaintzako langileei".

Euskadiko Ama Esnearen Bankuak edoskitze naturala bermatzen die oso haur goiztiarrei (kilo eta erdi baino gutxiagoko haurrak) edo 32 aste baino lehenago jaiotakoei eta ama-esnea hartu ezin dutenei. Laguntza hori "oso garrantzitsua" dela dio Jaurlaritzak, ama-esneak enterokolitis nekrosatzailea, haurra hil dezakeen gaitza, prebenitzen duelako ebidentzia zientifikoak daudelako.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), UNICEFek eta haurren zaintzan inplikatuta dauden zientzia-sozietateek bizitzako lehen sei hileetan bularreko elikadura esklusiboa egitea gomendatzen dute, eta, beste elikagai batzuekin batera, haurrak bi urte dituen arte edo amak eta umeak nahi duten arte.

Gaur egun, bederatzi puntu daude gaituta, ematen den ama-esnea batzeko: Gurutzetan, Txagorritxun, Donostian, Durangon, Urdulizen, Galdakaon, Gasteizko Olagibelen, Donostiako Manuel Lekuonan eta Bilboko Bonbero Etxanizen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Osasunari buruzko albisteak