Gizartea -

Fort Lauderdale (AEB)

Pablo Ibarrek epaileari aurre egin dio, zigorra ezagutu aurretik

Ibarrek Bailey epaileari aurre egin dio eta bere kontra egitea egotzi dio. Defentsa abokatuak egindako hainbat eskari baztertu ditu, baina fiskalaren eskakizunak onartu ditu.

Pablo Ibarrek Dennis Bailey epailearen aurka egin du.
Pablo Ibarrek Dennis Bailey epailearen aurka egin du.
Pablo Ibarrek objektiboa ez izatea egotzi dio epaileari

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibarren zigorra erabakitzeko bigarren auzi saioan, urduritasun eta tentsio uneak bizi izan dira. Ibarrek, lehen aldiz, Bailey epaileari aurre egin dio eta bere kontra egitea egotzi dio. Kontua da defentsa abokatuak egindako hainbat eskari baztertu, baina fiskalaren eskakizunak onartu dituela, eta horrek eragin du Ibarren erreakzioa.

Atzoko lehen saioan, aldeek beren argudioak aurkeztu ostean, fiskalaren txanda izan zen. Gaur, ordea, defentsaren lekukoen txanda izan da. Hala, defentsaren 17 lekukok beren testigantza eman dute epaimahaiaren aurrean. Horien artean zeuden Santiago Cabanas, Espainiak Washingtonen duen enbaxadorea eta 2005 eta 2010 artean kontsul izandakoa; Candido Creis, Espainiak Miamin duen kontsula; Ibarren anaiak (Frank, Steven eta Michael); institutu garaiko Ibarren bi lagun, Preston Selvanek eta Jesse Hernandez; eta Ron McAndrew, bere bizitzaren zati handi batean Floridako espetxe sisteman lan egin duena.

Ron McAndrew lekukoak adierazi duenez, harrituta dago Pablo Ibarren kartzelako ibilbidearekin. Haren esanetan, Ibarren jokabidea "akasgabea" izan da heriotzaren korridorean egon den bitartean. Aldi berean, heriotza zigorrera edo biziarteko kartzela zigorrera kondenatua izango balitz Ibarren bizitza nolakoa izango litzatekeen zehaztu du.

McAndrew lekukoak hitz egin aurretik, heriotzaren korridorean mehatxuengatik Ibar salatu zuen presoa deitzea eskatu du fiskalak. Aipaturiko kexa horrek ez zuen gerora ibilbiderik izan, funtzionarioen esanetan, funsgabea zelako. Defentsak fiskalaren eskaeraren aurka egin badu ere, epaileak lekuko berri hori deitzea onartu du. Une horretan, Ibar altxatu egin da eta epaileari zuzendu zaio, inpartzialtasun falta egotziz: "Nire aurkako zure alderdikeriaren beste adibide bat da hori, eurak (fiskalek) eskatu eta zuk eman". Ibarrek gaineratu duenez, preso horri buruko gaixotasuna atzeman zioten, eta heriotzaren korridoretik atera zuten horregatik, eta tratamendu psikiatrikoa eman.

Defentsa abokatuek ezin izan dute Pablo Ibarren erreakzio hori eragotzi. Dena dela, Ibar bere onera itzuli da, eta ahozko saioak aurrera egin du.

Litekeena da zigorrari buruzko epaimahaiaren erabakia astearte honetan ezagutzea. Heriotzara kondenatzeko, epaimahaiak aho batez hartu beharko du erabakia (12 kidek osatzen dute) . Erabateko adostasunik izan ezean, biziarteko kartzela zigorra ezarriko diote.

Ibarrek 16 urte eman zituen heriotzaren korridorean, gerora baliogabe utzi zuten epai baten ondorioz. Baina heriotza zigorraren arriskua ez da desagertu, eta laugarren epaiketan Casimir Sucharski, Marie Rogers eta Sharon Andersonen hilketengatik berriz zigortu dezakete.

Ibarrek eurongan "eragin ona" izan duela azpimarratu dute senideek

Euskal jatorriko estatubatuarra eurongan beti "eragin on bat" izan duela esan diete Pablo Ibarren senideek zinpekoei.

Ibarren izaera "begirunetsua", "bihozbera" eta "errukitsua" eta elkarrenganako maitasuna azpimarratu dute senitartekoek testigantzan, zirraraz beteriko saio batean. Espainiako bi diplomazialarik ere lekuko gisa parte hartu dute.

Familiaz gain, Santiago Cabanas Espainiako enbaxadorea saioan izan da. Pablorena "salbatzea merezi duen bizitza bat da", adierazi du auzitegian deklaratu baino lehen.

Tanya Quiñones emazteak, Steven, Frank eta Michaels anaiek eta Candido aitak (74 urte) deklaratu dute astelehen honetan. Espetxeratutako senidea maite dutela erakutsi diote epaimahaiari, eta kartzelan eman dituen 25 urteetan "batuta" egon direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak