Gizartea -
Maiatzean
Munduko hotel-tren luxuzkoenetako batek geldialdia egingo du Bilbon
Maiatzaren 14tik aurrera, larunbatero aterako da trena eta bidaiak zortzi egun eta zazpi gaueko iraupena izango du. Gutxienez, Konstituzioaren eguneko zubira arte egingo dute horrela.
Erredakzioa
Munduko hotel-tren luxuzkoenetan bigarrenak, Transcantábrico Gran Lujok, geldialdia egingo du Bilbon. Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galizian zehar zortzi egun eta zazpi gauetan egiten duen ibilbiderako txartelak 7.500 euro balio du, bidaia bakarrik eginez gero. Logela partekatzen bada, berriz, 3.750 euro balio du.
Jose Antonio Rodriguez tren turistikoen zuzendari kudeatzaileak eta Isabel Muela Euskadiko Turismo zuzendari nagusiak hotel-trenaren aurkezpena egin dute, prentsaurreko batean.Trenak zazpi ohe-bagoi, hamalau suite eta lau bagoi gehiago ditu, bidaiari guztientzat; jangela, egongela eta pub bat daude horietan, besteak beste. Azken horretan musika eskainiko dute gauero, zuzenean.
Trenez egindako luxuzko bidaia turistikoen nazioarteko elkartearen arabera, munduko luxuzko trenetan bigarrena da Transcantábrico Gran Lujo, Blue Bird Hego Afrikakoaren ostean.