Gizartea -

ESKOLA TXIKIEN JAIA

Uriartek 'hobekuntzak' iragarri ditu Gipuzkoako hainbat eskola txikitan

Gipuzkoako Eskola Txikien jaia ospatu dute Aginagan (Usurbilen) eta inaugurazioan, Arroa, Oikia, Alkiza, Angiozar, Itsasondo eta Zerainen obra garrantzitsuak iragarri ditu Hezkuntza sailburuak.

Gipuzkoako Eskola Txikien festaren irudia. Argazkia: Maria Agirre
Gipuzkoako Eskola Txikien festaren irudia
'Eskola txikiak lan oso polita eta garrantzitsua egiten ari dira hezkuntza sisteman'

0:50

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 9 honetan Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatzen ari dira Aginagan. Euskal Eskola Publikoaren barruan, gaur egun 26 eskola txiki daude Gipuzkoako beste horrenbeste herri eta auzotan, eta Aginagakoak, esaterako, 35 ikasle ditu.

"Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik" leloari eutsiz, 10:30ean egin dute inaugurazio ekitaldia, eta eskola horiek herri eta auzoak bizirik mantentzeko duten balioa azpimarratu dute bertan.

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua ere izan da jaiaren inaugurazio ekitaldian, eta bertan, "hobekuntzak" iragarri ditu Gipuzkoako hainbat eskola txikitan.

Bere interbentzioan, eskola hauen hezkuntza eredua goraipatu du, inguruarekiko duten hurbiltasunari esker ematen duten bizi-poza nabarmendu du, eta herritarren arteko harremana ehuntzeko egiten duten ekarpena ere aipatu du: "asko ematen duzue eta oso maitatuak zarete" esan du.

eskola txikiak

Eskola txikien inaugurazio ekitaldia. Argazkia: Maria Agirre | Euskadi Irratia

Azpiegitura berriak

Datorren ikasturtean Gipuzkoako hiru eskola txikik eraikin berriak izango dituztela iragarri du Uriartek: Arroak (Zestoa), Oikiak (Zumaia) eta Alkizak.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak azpiegiturak hobetzen jarraitzeko duen borondatea berretsi du: "Hezkuntzaren kalitatea, beste hainbat faktorerekin batera, honelakoetan ere oinarritzen da" hausnartu du eta hobekuntza horien bidean, departamentua jada beste proiektu batzuetan ere lanean ari dela iragarri du: Angiozarreko eskolaren handitzean (Bergara), Itsasondoko Urkipe zentroarentzako eskola berrian eta Zeraingo eskolako hobekuntza lanetan, hain zuzen ere.

Proiektu hauek gauzatzeko datarik ez du aurreratu nahi izan sailburuak.

Egitaraua

Eskola txikien jaiaren 32. edizioaren aurkezpenean eskola txikietako ordezkariek nabarmendu zutenez, eskola txikien aldarrikapenarekin bat egiten duten guztiei festan parte hartzeko deia egin zieten.

"Haurrak, aniztasunean, euskaraz, famili giroan eta naturarekin harremanetan hezten dira gure eskoletan. Horrez gain, teknologia berrietan eguneratuta gaude, eta kalitatezko heziketa eskaintzen dugu. Eskola txikiak, gertukoak, atseginak eta erosoak dira", azpimarratu zuten.

Gaur, festan parte hartzeko dei bera egin dute antolatzaileek eta Aginagara hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Hala, Usurbilgo Zumartegi industrialdean autobus zerbitza izango da 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldean, itzulerarako, 17:30etik 19:30era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gipuzkoa Gizartea Albisteak Gaur Usurbil argazkiak Albisteak Jaiak Hezkuntza