Gizartea -
Txernobyletik kronika
Txernobylen inguruan, 30 km-ko eremuan, ez da arimarik ere ageri
EITBk Txernobylen duen bidali bereziak, hondamendiaren gunera joandakoan bizitu eta sentitu duena kontatu digu.
Mikel Reparaz
Txernobyleko baztertze gunera sartzea hilerri handi bateko atea gurutzatzea da. Inguruko 30 kilometrotan ez da arimarik ere ageri. Errepideak hondamendi nuklearraren "0 guneraino" garamatza, atzera utziz basoak irentsitako herriak. Erradioaktibitateak lurra eta landaretza bustitzen ditu, baina natura hemen distiratsua da.
Zentralera bideko azken txanpan, giza bizitzaren zantzu batzuek ustekabean harrapatu gaituzte. Adineko batzuk ia hondakinetan dauden eraikinen balkoietara ateratzen dira tarteka. Ez dira ez erradioaktibitatearen ez minbiziaren beldur. Beren etxeetan hil nahi dute.
Herriaren kanpoaldean lau erreaktore nuklear arreta gune bihurtzen dira. Dagoeneko itzalita daude, baina horietatik bi duela hamar urtera arte piztuta egon ziren. Laugarrena, hondamendiaren eragilea, egitura kaxkar batek inguratzen du. 200 tona erregai nuklear dituen munstroa ixten duten sarkofagoa da.
Adituek diote erradiazioa isurtzen jarraituko duela hemendik 25.000 urtera arte. Ukrainiak 2015erako eraiki nahi duen sarkofago berriak erradiazioa mende bat gehiago eutsi dezake.