Gizartea -
Bere buruari su emanda
France Telecom konpainiako langile batek bere buruaz beste egin du
57 urteko langileak bere buruari su eman dio Bordeletik gertu dagoen aparkaleku batean. Urteko aurreneko suizidioa ez dela onartu du enpresak.
Erredakzioa
France Telecom konpainiako langile batek bere buruaz beste egin du gaur, Bordeletik gertu (Frantziako hegoaldea). Honenbestez, polemika berriro piztu da, azken urteetan dozenaka suizidio gertatu baitira enpresa horretako langileen artean.
57 urteko langileak bere buruari su eman dio aparkaleku batean eta hil egin da. Biktima artatu duten zerbitzu medikoek ezin izan dute ezer egin, enpresako iturriek azaldu dutenez. Konpainiak gertatutakoa argitzeko ikerketa bat zabaldu du.
Urteko aurreneko suizidioa ez dela onartu du France Telecomek, baina hildakoen kopuruaren berririk ez du eman, enpresaren politikagatik eta heriotzak lan-baldintzekin lotzerik ez dagoelako.
Azken urteetan konpainiako dozenaka langilek beraien buruaz beste egin dute. Ondorioz, lan-baldintzak hobetzeko egitasmo bat aurkeztu zuen France Telecomek 2010ean.