Gizartea -
Droga-trafikoa
Ertzaintzak kokainarekin trafikatzen zuen sare bat desegin du
"Clan de la Chata" izeneko sareko kideak atxilotu dituzte Espainian zehar eta 40 kilo droga atzeman dituzte hainbat etxetan, Gipuzkoako batean ere bai.
Erredakzioa
Ertzaintzak, Guardia Zibilaren laguntzarekin, Espainian kokainarekin trafikatzen zuen sare bat desegin du, "Clan de la Chata" izenekoa, eta 40 kilo droga atzeman ditu hainbat etxetan, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Kolonbiako eta Peruko zortzi pertsonak, "La Chata" 61 urteko emakumearen agindupean, osatzen zuten nazioarteko sarea eta Perutik Madrilera iristen ziren hegazkinetan kokaina ezkutatzen zuten.
Droga Barajasen eta Gipuzkoako, Madrilgo eta Guadajalarako hainbat txaletetan atzeman dute, Donostiako Epaitegiak zuzendutako operazio batean.
Operazioa 2010eko abenduan hasi zen, Ertzaintzak droga trafikatzen ari zen gizon bat atzeman zuen Donostian eta gero Madrilen eta Guadalajaran kide gehiago zituela jakin ahal izan zuten. Dirudienez, drogaz betetako maletak ekartzen zituzten Perutik.
Atxilotuek dirudunen bizimodua egiten zuten eta droga trafikoa ezkutatzeko negozioak zituzten (lokutorioak eta jatetxeak). Hiru milioi eurotik gorako txaleten jabe ere baziren.
Barajasen purutasun handiko bederatzi kilo kokaina zeramatzan perutar bat atxilotu zuten, eta gainerako atxiloketak Guadalajarako eta Madrilgo hainbat etxetan egin dituzte.