Gizartea -
Istripua
Gaur emango diote azken agurra larunbatean Huescan hil zen Ermuko mendizaleari
Javier Alberdi ermuarra Collarada tontorrean zendu zen, elurtegi batean labaindu eta 300 metrotan behera erori ondoren.
eitb.eus
Javier Alberdi larunbatean Huescan hil zen mendizaleari gaur emango diote azken agurra Ermuan, jaioterrian. 19:00etan egingo da hileta-elizkizuna Santiago Apostoluaren parrokian.
49 urte zituen Alberdik, eta Ermuko Artarrai Mendi Taldeko presidentea zen. Lehen ikerketen arabera, Canfranc herriko Collarada mendiko tontorrera igotzen ari zen korridore batetik, beste ermuar batekin batera, eta biak elurtegi batera iritsi zirenean, irrist egin eta 300 metrotan behera amildu ziren. Alberdi bertan hil zen, eta 46 urteko beste gizonezkoa larri zaurituta eraman zuten Zaragozako ospitale batera.
Bi ermuarrek eskarmentu handia zuten mendian, eta beharrezko material guztia zeramaten, pioletak eta kranpoiak, besteak beste.