Gizartea -
Amnistia Internazionala
Bederatzi milioi herritar bizi dira pobreziaren atarian Espainian
Estatuan, osasunerako eta bizileku duin baterako irismena ez dituzte oinarrizko eskubidetzat hartzen, Amnistia Internazionalaren hitzetan.
Erredakzioa
Amnistia Internazionala elkarteko Espainiako taldearen arabera, bederatzi miloi pertsona babesik gabe daude Espainian, giza eskubideen urraketa oso larria pairatzen. Estatuan, osasunerako eta bizileku duin baterako irismena ez dituzte oinarrizko eskubidetzat hartzen, eta "bigarren mailan" daude, “kasu hauetan herritarrak babesten ez dituzten lege batzuen zaintzapean”.
Esteban Beltran Espainiako Amnistia Internazionaleko zuzendariak plazaratu ditu hausnarketa horiek "Estalperik gabeko eskubideak" txostenaren aurkezpenean. "Espainian eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak gauzatzeko eragozpenetan” jarri dute begirada idatziaren egileek.
Beltranek azaldu dunez, bederatzi milioi herritar inguru bizi dira pobreziaren atarian Espainian, eta "babesik gabe daude giza eskubideen urraketen aurrean", batik bat osasunerako eta bizilekurako eskubideen aurrean. Gainera, eskubide hauen urraketarik izanez gero, oso mugatua da auzitegietara jo eta konponbidea aurkitzeko aukera.
"Ezin da etxebizitzarako eskubidea eskatu, ez baitago Espainiako Konstituzioan", eta "ez da gainerako eskubideen mailakotzat eta pisu berekotzat hartzen"; hori da arazo nagusia. "Printzipio gidaritzat" hartzen dira horiek eta arautu egin behar dira. Beltranek gaineratu duenez, Auzitegi Konstituzionalak ere ez ditu etxebizitzarako eta osasunerako eskubideak babesa eskatzeko arrazoi gisa hartzen.