Gizartea -
Txostena
Europar Batasunak salatu du sexismoa nagusi dela arlo eta gizarte guztietan
Horregatik, "kalte fisiko, sexual, psikologiko eta sozioekonomikoa" egiten duen errealitate horri aurre egiteko lan egin dezatela eskatu die gobernuei.
agentziak | erredakzioa
Europar Batasunak salatu du sexismoa nagusi dela "arlo eta gizarte guztietan", eta baita "gizakien jarduera orotan" ere. Horregatik, "kalte fisiko, sexual, psikologiko eta sozioekonomikoa" egiten duen errealitate horri aurre egiteko lan egin dezatela eskatu die gobernuei.
Europar Batasunak txostena egin du gaiaren inguruan: "Sexismotik librea den Europa bat sortzeko helburuz Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak sexismoa saihesteko eta borrokatzeko Estatu kideei helarazitako aholkuei buruzko txostena". Ostiral honetan bertan Ministroen Kontseiluak bere egin du.
Europak, lehen aldiz, sexismoa zer den zehaztu du nazioarteko testu batean: "Alor publiko edo pribatuan, online edo bizitza errealean, sexu arrazoiengatik pertsona bat edo pertsona talde bat gutxiago izatean oinarrituta egiten den edozein ekintza, keinu, irudikapen, ahozko edo idatzizko adierazpen, praktika edo jarrera da sexismoa".
Esanahi horren arabera, pertsona baten edo pertsona talde baten duintasuna edo eskubideak urratzea, edo pertsona edo pertsona talde bati kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologikoa edo sozioekonomikoa egitea izango litzateke ondorioa.
Pertsona edo pertsona talde horri inguru uzkurra, umiliagarria, erasokorra edo iraingarria sortzea; horien autonomia edo giza eskubideen egikaritze osoa oztopatzea, eta genero estereotipoak indartzea ere sexismoa da testuaren arabera.
Sexismoaren esanahia zehazteaz gain, Europako Kontseiluak zuzentarauak zabaldu ditu eremu publiko zein pribatuan hori saihesteko edo horri aurre egiteko; eta azpimarra jarri du hizkuntza, Internet, sare sozial, komunikabide, publizitate, lantoki, sektore publiko, zuzenbide, hezkuntza, kultura eta kirol testuinguruetan.
Europar Batasunak txostenean jaso duenez, sexismoa "gizonen eta emakumeen arteko botere harreman historikoaren adierazpidea da, eta diskriminazioa eragiteaz gain, emakumeei gizartean aurrera egiteko gaitasuna galarazten die".
Argi adierazi nahi izan dute sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa giza eskubideen urraketa dela, eta sexismoa eta jarrera sexistak galarazteak "gizarte osoari" egingo liokeela mesede: "Emakumeei, neskatoei, gizonei eta mutikoei".
Espainiako Gobernuak bere egin duen txostenak aholkuen ezarpenaren jarraipena egitea eskatzen du, lorpenak ebaluatu ahal izateko.