Gizartea -

2020-2021 ikasturtea

Ingeniaritza Mekatronikoko gradua Bizkaian eskainiko du Mondragon Unibertsitateak

Unibertsitateak akordioa izenpetu du Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin, ikasketok Muskizen eskaintzeko.

Automatizatutako muntaia lerro bat. Argazkia: Pixabay
Automatizatutako muntaia lerro bat.
Automatizatutako muntaia lerro bat. Argazkia: Pixabay

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Ingeniaritza Mekatronikoko gradua eskainiko du Muskizen (Bizkaia), Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin lankidetzan, 2020-2021 ikasturtetik aurrera.

Erakundeok izenpetu berri duten lankidetza-hitzarmenaren arabera, bi ikastetxeotako irakasleek elkarlanean jardungo dute, etengabeko prestakuntza modu koordinatuan eskaintzen eta ikerketa-proiektuak eta enpresei zuzendutako transferentzia-proiektuak gauzatzen.

Bi ikastetxe horien arteko lankidetza-harremana gaur bertan mamitu da, izenpetze ekitaldiarekin. Alde batetik, Juan Maria Palencia Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren zuzendariak, eta bestetik, Joseba Segura, Marcelo Gangoiti Fundazioaren presidenteak sinatu dute akordioa. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ere izan da ekitaldian.

Hitzarmenaren ondorioz, Mondragon Unibertsitateak eta Somorrostro Elizbarrutiko Irakas-guneak profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntzako programak ere sortuko dituzte, bi ikastetxeetako irakasleek irekian edo eskaripean emango dituzten tituluen bidez. Inguruko enpresen interesei eta jarduerei jarraiki diseinatuko dira, teknologiaren alorrean betiere.

Era berean, ikerketaren eta ezagutza-transferentziaren alorrari dagokionez, Bilbo Handiko enpresek ezagutza teknologikoan dituzten beharrak antzematen lagunduko du hitzarmenak, baita behar horiei erantzuteko ikerketa eta transferentzia-jarduerak martxan jartzen ere.

"Euskadin enpresari gehien begiratzen dion unibertsitateak eta EAEko Lanbide Heziketako ikastetxerik handienak bat egin dute industria-enpresen beharrizanei erantzuteko berariaz diseinatutako ingeniaritzaren alorreko gradu-tituluak eskaintzeko Bizkaian", adierazi du Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Mondragon Unibertsitatea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza