Gizartea -
Santurtzi
Adingabe batzuei irudi pornografikoak bidaltzeagatik atxilotu dute
Adingabeen aurrean exhibizionismoa egiten zuen eta, ondoren, adingabeko horiei eta telefonoan mezu bat jaso eta zabaltzen zuten guztiei irudi pornografikoak bidaltzen zizkien, bluetooth bidez.
Erredakzioa
Santurtziko 45 urteko gizon bat atxilotu du Bizkaiko herri horretako udaltzaingoak, adingabeen aurrean exhibizionismoaren eta sexu probokazioaren delituak egitea leporatuta. Gizonak irudi pornografikoak bidaltzen zizkien adingabeei, sakelako telefonoaren bidez.
Santurtziko Udalak ohar batean azaldu duenez, atzo atxilotu zuen gizonezko hori Santurtziko Udaltzaingoak. Abenduan hasitako ikerketa bati esker harrapatu dute antzeko gertakariengatik aurrekariak dituen gizonezko hori, eta gaur epailearen esku jarriko dute.
J.M.M.-k adingabeen aurrean exhibizionismoa egiten zuen, eta ondoren irudi pornografikoak bidaltzen zizkien, bluetooth bidez, adingabe horiei eta une horretan mezua jaso eta zabaltzen zuten guztiei.
Atxilotzeko unean, sakelako hainbat telefono atzeman zizkioten, ustez irudi pornografikoak bidaltzeko erabilitakoak. Gerora, material informatikoa ere hartu zuen Poliziak, eta orain hori aztertzen ari dira.