Gizartea -

Sexu-erasoa

Bi gizonek sexu-erasoa egin diote beste bati Bilbon

Biktima lonja batera eraman zuten, behartuta, eta han bortxatu zuten. Ertzaintzak erasotzaileetako bat atxilotu du. Besteak ihesean jarraitzen du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gizonezkok sexu-erasoa egin zioten beste gizon bati joan den igandean Bilboko lonja batean, eta Ertzaintzak erasotzaileetako bat atxilotu zuen atzo, Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak igande goizaldean jazo ziren, biktimak etxera bultatzeko metroa hartu zuenean. Geltokiko sarreran gizon gazte bat hurbildu zitzaion eta drogak eta alkohola eskaini zizkion.  

Ezetz esanda, gizonak bere bidean aurrera jarraitu zuen, baina gaztea atzetik zuela jabetu zen. Metroan ibilbide zati bat egin ostean, ezagutzen ez zuen toki batean agertu zen, noraezean.

Han, jarraika zuen mutilak labana batekin mehatxu egin zion eta orduan azaldu zen beste gizon gazte baten laguntzarekin lonja batera eraman zuten, indarrez eta behartuta. Lonjan bi gizonek bortxatu egin zuten.

Sexu-erasoa burututa, sakelako telefonoa, dirua eta nortasun agiria lapurtu zioten eta ihesean joan ziren.

Bizilagun batzuek topatu zuten biktima eta Ertzaintza ohartarazi zuten. Gizona ospitale batera eraman zuten.

Ertzaintzak ikerketa bat jarri zuen abian, eta atzo erasotzaileetako bat atxilotu zuten. 27 urte dauzka eta aurrekariak ditu delituengatik.

Ertzaintza bigarren erasotzailearen bila dabil orain.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak