Gizartea -
Bartzelona
13 urteko neska baten hilketa ikertzen ari dira Mataron
Mossoek bizilagunak galdekatu dituzte eta biktimaren neba adingabearen bila ari dira, ostegunetik desagertuta dago eta.
Agentziak | Erredakzioa
Esquadra Mossoek 13 urteko neska baten hilketa ikertzen ari dira Mataron (Bartzelona), iturri judizialek atzo jakinarazi zutenez.
Nerabearen gorpua igandean, 22:00ak aldera, topatu zuten Burriac kaleko etxebizitza batean, Cerdanyola Nord auzoan. Adingabeak zauria zuen lepoan.
Hipotesi guztiak zabalik ditu Kataluniako polizia autonomikoak. La Vanguardia egunkariak iturri judizialak aipatuz gaur kaleratu duenez, autopsiak baieztatu egin du adingabea hil egin zutela.
Neskaren ama bidaian zegoen, eta lagun bati deitu zion seme-alaben berri ez zuela-eta etxebizitzara joateko eskatzeko. Horrek bizilagun bati eman zion abisu, eta azken hori sartu zen etxebizitzan.
Adingabearen gorpua etxebizitzaren logeletako batean zegoen, lurrean. Antza, neska amarekin eta nebarekin bizi zen.
Mossoek abiatutako ikerketaren harira, hainbat bizilagun galdekatu dituzte eta biktimaren nebaren bila ari dira. Hori ere adingabea da, eta ostegunetik desagertuta dago.