Gizartea -
Atxiloketak
10 pertsona atxilotu dituzte Madrilen jihadismoaren kontrako operazio batean
Auzitegi Nazionalak koordinatutako operazioak Sirian jarduten duten talde jihadistak finantzatzeko ustezko sare bat izan du jomuga.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak 10 pertsona atxilotu ditu gaur jihadismoaren kontrako operazio baten baitan. Auzitegi Nazionalak jakinarazi duenez, Sirian jarduten duten talde jihadistak finantzatzeko ustezko sare bateko kideak izatea egotzi diete atxilotutakoei.
Manuel Garcia Castellon epailea buru duen Auzitegi Nazionaleko 6. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak koordinatu du operazioa.
Poliziaren ikerketek egiaztatu ahal izan dutenez, atxilotutakoek dirua biltzen zuten Sirian jarduten duten talde jihadistei bidaltzeko.
Atxiloketak Madril hiriburuan eta erkidego horretako Algete herrian egin dituzte, polizia iturrien arabera.
Atxilo hartutako batzuek aurrekariak dituzte terrorismoagatik beste herrialde batzuetan.