Gizartea -

Osasun Saila

12 urteko haurrei txerto berri bat jarriko diete, meningitisaren aurka babesteko

2019ko bukaeran txertoen egutegia aldatuko dute, eta 12 urteko haurren dosiak aldaketak izango ditu. Horrenbestez, 2008an jaiotakoak izango dira txerto berria jasotzen lehenak.

12 urteko haurrei txerto berri bat jarriko diete, meningitisaren aurka babesteko. Argazkia: Pixabay
12 urteko haurrei txerto berri bat jarriko diete, meningitisaren aurka babesteko
12 urteko haurrei txerto berri bat jarriko diete, meningitisaren aurka babesteko. Argazkia: Pixabay

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Sailak meningitisaren aurkako babesa indartuko du. Horretarako, gaixotasun horren serotipo berriak dituen txertoa jasoko dute datorren ikasturtetik aurrera 12 urteko haurrek.

Horixe da, hain zuzen, Nekane Murga Osasun sailburuak asteazken honetan iragarri duena. Murgaren hitzetan, Europan, AEBn eta Kanadan azken urteotan meningitisaren epidemiologiak izandako aldaketak bultzatuta hartu dute txerto berria ezartzeko erabakia, W eta Y serotipoek eragindako kasuen hazkundea dela eta.

Orain arte, Euskadin, C meningokokoaren kontrako hiru txerto hartzen zituzten umeek: 4 hilabeterekin, 12 hilabeterekin eta 12 urterekin.

"2019ko amaieran, baina, txertoen egutegia aldatuko da. Izan ere, 12 urteko haurrek txerto berria jasoko dute", azaldu du Murgak. Horrek esan nahi du 2008an jaiotakoak izango direla txertoa jasotzen lehenak.

Gainera, aurreikusitakoaren arabera, 2001 eta 2007 artean jaiotakoek txerto berriaren dosi gehigarri bat hartuko dute, 13 eta 18 urteko bitarteko gazteen artean ere badelako patologia hori pairatzeko arriskua. Horixe da, behintzat, Murgak esandakoa.

Txertatzeari dagokionez, urritik aurrera 215.000 ikasle txertatuko dituzte.

Horrela, 2019-2020 ikasturtean, 2008an jaiotakoek ez ezik, 2001ean, 2002an eta 2004an jaiotakoek ere jasoko dute txertoa; 2020-2010 ikasturtean, berriz, 2003 eta 2005 urteetan jaiotakoek, eta 2021 eta 2022 bitartean, 2006 eta 2007 urteetan jaio zirenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak