Gizartea -

Drogaren aurkako operazioa

Poliziak 61 kilo speed zeramatzan auto bat atzeman du Irunen

Bederatzi ustezko droga-trafikatzaile atxilotu dituzte. Droga atzeko jesarlekuaren bizkarraldean ezkutatuta zegoen, eta Euskadin, Errioxan, Nafarroan eta Kantabrian saltzeko asmoa zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak jakitera eman duenez, autoak Herbehereetan prestatzen zituzten droga ezkutatzeko eta muga errazago igarotzeko. Droga Bilbon gordetzen zuten eta, ondoren, Euskadin, Errioxan, Nafarroan, Kantabrian eta Gaztela eta Leonen saltzen zuten.

Drogaren aurkako operazio honi 2010eko azaroan eman zioten hasiera, ikertzaileek Bilbon bizi ziren zenbait lagun identifikatu zituztenean. Antza, droga Estatuaren iparraldean banatzeko arduradunak ziren. Talde honen burua Herbehereetako lagun batekin harremanetan jarri zen, anfetamina sulfato asko handik Bilbora eramateko asmoz.

Irunen jarritako kontrol bati esker, Poliziak Herbehereetatik Bilbora zihoan ibilgailu bat atzeman zuen. Atzeko eserlekuan 61 kilo droga aurkitu zituztenean, autoan zihoazen bi lagunak preso hartu zituzten.

Ondoren egindako ikerketari esker, taldeko beste zazpi kide atxilotu dituzte, Bizkaiko hainbat udalerritan. Gainera, bederatzi etxe miatu dituzte Gipuzkoan eta Bizkaian, eta marihuana eta estasia atzeman dituzte bertan. Halaber, 10 auto ere atzeman dizkiete.

Bilboko Komisaria Probintzialak eta Polizia Judizialaren Komisaria Nagusiko Udyco Saileko Hirugarren Brigadak egin dute operazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea