Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

Adimen-gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko plana abian jarri dute

Egun Euskadin adimen-gaitasun handiko 747 ikasle daude. Munduko Osasun Erakundearen arabera, eskola adinean dagoen biztanleriaren % 3 adimen-gaitasun handiko ikasleak dira.

Neskato bat liburu bat marrazten. Argazkia: pexels.com
Neskato bat liburu bat marrazten
Jaurlaritzak gaitasun handiko ikasleak identifikatzeko egitasmo bat abiatuko du

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adimen-gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko plana abian jarri du; planaren helburuak dira gaitasun handiko ikasleen esku-hartzea sistematizatzea, eta hezkuntza-komunitatea ikasle horien errealitateaz eta eman beharreko erantzun egokiaz sentsibilizatzea eta prestatzea.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak 2019-2022 urteetarako plana aurkeztu dute ostegun honetan, Bilbon, legealdi honetarako Hezkuntza Sailak harturiko konpromisoen baitan.

Egun Euskadin adimen-gaitasun handiko 747 ikasle daude, Berritzeguneetako aholkularitzek horrela identifikaturik. Gaitasun handiko ikasleen portzentajea, beraz, Oinarrizko Hezkuntzako ikasle guztien artean %0,20koa da Euskadin.

Azken lau urteetan Euskadin gaitasun handidun gisa identifikatutako ikasle-kopurua hirukoiztu egin da, oraindik portzentajeak baxua izaten jarraitu arren. Munduko Osasun Erakundeak, esaterako, eskola-adinean dagoen biztanleriaren % 3 jotzen du gaitasun handikoen portzentajea.

Planak arreta jartzen du adimen-gaitasun handia duten nesken kalteberatasunean ere. Izan ere, mito, estereotipo eta rol sozialak direla-eta jasan behar izaten dituzten ondorioek gaitasun handiko emakume gisa osatu beharreko identitatearen konfigurazioa baldintzatzen diete, eta eskola-arrakasta, arrakasta pertsonala eta arrakasta profesionala mugatzen diete. Egun, hautemandako 10 kasutik 7 mutilak dira, eta 3 neskak.

Adimen-gaitasun handiko ikasleen profila oso anitza dela kontuan harturik, eta ikastetxeetako errealitatea ere horrelakoxea dela jakitun, ikasle horien identifikazioa eta eman beharreko erantzuna errazten eta sistematizatzen dituen prozedura bat ezarri du Jaurlaritzak.

Azken urte hauetan, adimen-gaitasun handien kontzeptualizazioan paradigma-aldaketa bat gertatu dela ikus daitekeela azaldu du Uriartek. Ildo horretan, supergaitasunaren definizio estatikoak (funtsean adimen-kozientearen neurketan oinarrituak) alde batera uztearen alde egiten da. Horren arabera, gaitasun handia haurtzaroko ahalmen baten garapena eta eraldaketa da, helduaroan jardun eta lorpen bikainak egiteko helburua duena.

Gaitasun handiko pertsonen talentu desberdinak direla-eta, garapen-ibilbide desberdinak egiten dira, bai hasteko uneari bai lorpen garrantzitsuak agerian geratzen diren uneari dagokionez.

Detektatzeko eta identifikatzeko prozesuak jarduketa espezifikoak izango ditu hezkuntza-etaparen arabera, baina Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan, honako fase hauek dituzte: iragazpena; detekzio espezifikoa; balorazio psikopedagogikoa; esku-hartze pedagogikoa eta azkenik, ebaluazioa eta jarraipena.

Azaldutako prozesu hori guztia lan planak berak eranskinetan jasotzen dituen dokumentutan, adierazletan, adibide praktikoetan, erreferentzia bibliografikoetan eta orientabideetan oinarritzen da. Lan-material horiek hezkuntzako profesionalei zuzenduak dira, detekzio- eta orientazio-lana berme gehiagoz eta era sistematizatuagoan egin dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza