Gizartea -
Gipuzkoa
Gizon bat atxilotu dute Zumaian, labanaz beste gizon bati eraso egitea egotzita
Gertakariak 05:00ak aldera jazo dira Ondartxo plazan. Erasotzaileak biktima toraxean zauritu du, eta Donostia Ospitalera eraman behar izan dute.
Agentziak | Erredakzioa
29 urteko gizon bat atxilotu dute Zumaian (Gipuzkoa), 42 urteko beste gizon bati eraso egitea leporatuta. Antza denez, labanarekin zauritu du toraxean. Biktima Donostia Ospitalera eraman behar izan dute, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertakariak 05:00ak aldera jazo dira Zumaiako Ondartxo plazan. Zenbait lekukok 112 larrialdi telefonoari deitu diote, pertsona bat arma zuriarekin bularraldean zauritu dutenaren abisua emateko.
Ertzaintza bertaratu da, gertatutakoaren inguruko informazioa biltzeko; bitartean osasun-zerbitzuak zauritua artatu du. Donostia Ospitalera eraman dute anbulantzian, iturriek azaldu dutenez.
Eztabaida
Dirudienez, erasoa inplikatutako pertsonen arteko eztabaida baten ondotik gertatu da.
Istiluan bigarren pertsona bat ukondoan zauritu dute, eta erasotzaileak berak labanarekin bere besoan zauri bat egin du, eta tokitik ospa egin du.
Ordubete geroago, ertzainek Zumaian aurkitu eta atxilotu dute, ustezko lesio delitu bat egotzita.
Kutxatila batean
Ondoren, ertzainek labana topatu dute kutxatila batean, erasoa gertatu den lekua eta atxiloketaren tokia lotzen dituen ibilbidean.
Atxilotua osasun zentro batera eraman dute, zauriak sendatzeko, eta ondoren ertzain-etxera. Datozen orduetan epailearen esku jartzea espero da.