Gizartea -
Eguraldia
Bero bolada batek muturreko tenperaturak eragingo ditu asteazkenean eta ostegunean
Termometroak 39 graduraino iristea espero dute, batez ere, barnealdean. Nafarroan alerta laranja ezarriko dute; EAEn, abisu horia.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko jaurlaritzako Segurtasun Sailak hainbat abisu hori ezarri ditu asteazken eta ostegunerako tenperatura altu eta iraunkorrengatik, termometroak 38 graduraino iristea espero baitute. Gainera, tenperatura altu iraunkorren egoera horrek jarraipena izan dezake barnealdean egun batzuetan.
Asteazkenerako abisu horia ezarri dute tenperatura altu iraunkorragatik barnealdean 00:00etatik 24:00etara. Tenperatura minimo/maximoak kantauri barnealdean 17/37 gradu ingurukoak izango dira; Iragate-zonan 16/36 gradu ingurukoak eta Ebro ondoko eskualdean 17/37 gradu ingurukoak izan daitezke. Kostaldean, berriz, tenperatura minimo/maximoak 18/30 gradu ingurukoak izan daitezke.
Ostegunean, muturreko tenperatura oso altuak izango dira barnealdean 00etatik 24etara. Tenperatura minimo/maximoak kantauri barnealdean 18/36 gradu ingurukoak izango dira, Iragate-zonan 18/37 gradu ingurukoak eta Ebro ondoko eskualdean 19/38 gradu ingurukoak izan daitezke. Bestalde, tenperatura minimo/maximoak 19/28 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean.
Alerta laranja Nafarroan
Nafarroan ere bero handia izango da aste honetan eta asteazkenerako alerta laranja ezarri du Nafarroako Gobernuak. Halaber, datozen egunetan suteak izateko arriskua ere handia izango dela ohartarazi dute.
Foru Gobernuaren arabera, hegoaldean tenperatura maximoak 39 gradutik gora iritsi daitezke, eta Iruñean 41 graduraino helduko direla espero dute.