Gizartea -
Goizetik ikusgai
Memoria historikoaren webguneak hobi handien mapa argitaratu du
Mapa horrek autonomia erkidegoek eta memoria historikoa berreskuratzeko lan egiten duten erakunde eta fundazioek emandako informazioa biltzen du.
Erredakzioa
Gerra Zibileko hilobi handien mapa ikusgai dago goizetik memoria historikoaren inguruan Gobernuak sortutako webgunean.
Batzorde Konstituzionalean egindako agerraldian, Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordeak memoria historikoaren legeak lehen hiru urteetan izandako emaitzen berri eman du. Horrez gain, kalte-ordainak jaso dituztenen kopurua, aztarna eta ikur frankisten erretiratzea eta mapa bera izan ditu hizpide.
Datu horiek guztiak Interneteko orrialdean kontsulta daitezte, Barne ministroak ziurtatu duenez.
Rubalcabaren esanetan, komunitateek eta elkarteek memoria historikoaren defentsan aurkeztutako informazioa biltzen du mapak, momentura arte egindako ikerketen emaitzekin eta aurkitutako aztarnekin batera.
"Hildakoak lurperatzeko eskubidea"
Presidenteordearen hitzetan, mapak "etengabeko garapena" izango du, "ez baita tresna zehatza, ezta gutxiagorik ere, eta ez dago bukatuta"; izan ere, ikerketek aurrera egin ahala, datu berriak gehitzen joango dira.
"Gizaki bat bera ere ez da bide bazterrean lurperatuta egon behar" eta "inork ez du merezi heriotzaren izugarrikeria, hilobiaren duintasun faltarekin bateratzea". Gainera, herritar guztiek "euren hildakoak lurperatzeko" eskubidea dutela nabarmendu du Rubalcabak hilobi handien maparen eta legearen helburuaren inguruan aritu denean.