Gizartea -
Epaiketa, Bilbon
Euskalteleko erabiltzaileen aurkako epaiketak hasi dira deskarga 'ilegalak' egotzita
Zenbait abokatuk 150 euro eskatu dizkiete Euskalteleko 400 erabiltzaile baino gehiagori epaiketa saihesteko; antza, Internetetik filma bat legez kontra deskargatu baitzuten.
eitb.eus
Euskalteleko 400 bat erabiltzaileren aurkako lehenengo bi epaiketak abiatu dituzte ostegun honetan Bilboko epaitegietan, Internetetik P2P (parekoen arteko komunikazioa) sistemarekin filma bat deskargatzea egotzita. Filmaren ekoizleak 150 euro eskatzen zizkien erabiltzaileoi epaiketa saihesteko.
Kaltetuen arabera, joan den apirilean abokatuen gutuna jaso zuten hainbat serie eta filma deskargatu izana egotzita; ekoizleak epaileari erabiltzaileon datuak eskatu zizkion pirateria egotzita, eta epaiketa saihesteko, 150 euro ordaindu behar zituztela jakinarazten zieten gutun baten bidez. Halaber, 100 euro eskatzen zizkieten serie bakoitzeko kapitulu bakoitzarengatik.
Kaltetu gehienek ordainketari uko egin diote eta epaitegietara jo dute "jendeari estortsioa egiteko eta dirua ateratzeko bidea erabili dutelako, eta egin ez dugun zerbaitengatik dirua eskatzen digutelako", azaldu dute zenbait kaltetuk ETBri.
Euskaltelek idazki batean azaldu duenez, Bilboko Merkataritza-arloko 2. zenbakiko Epaitegiak zenbati erabiltzaileren IP helbideak eskatu zizkion. Bestalde, Euskaltelek barkamena eskatu die kaltetutako erabiltzaileei; eta, "legez kontrako gutunak bidali izanagatik" filmaren ekoizlea auzitara eraman duela jakinarazi du.
Bilboko Epaitegiak erabaki beharko du orain zer egin auziarekin, zaila baita IP helbidean oinarrituta soilik pirateria egoztea, edonork erabili ahal izan duelako konexioa deskarga hori egiteko.
Gainera, abokatuek Euskalteleko bezeroen datuak erabiltzeko Datuak Babesteko Legea urratu ote zuten erabaki beharko du Epaitegiak.