Gizartea -

Sexu abusuak

Elizan sexu abusuak saihesteko batzordea sortuko dutela iragarri du Mario Icetak

Bilboko gotzainak nabarmendu du Frantzisko aita santuak urtebeteko epea eman ziela horretarako mundu osoko diozesiei, edozein pertsonak sexu abusuak salatzeko aukera izan zezan.

Begoñako basilika. Argazkia: Julio Mendiak
Begoñako basilika. Argazkia: Julio Mendiak
Begoñako basilika. Argazkia: Julio Mendiak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Iceta Bilboko gotzainak iragarri du batzorde bat eratu dutela Bizkaiko Elizan sexu abusuak saihesteko; haurrek jasandakoak, bereziki.

Bilboko Elizbarrutiak nabarmendu duenez, maiatzean, Frantzisko aita santuak urtebeteko epea eman zien horretarako mundu osoko diozesiei, edozein pertsonak sexu abusuak salatzeko aukera izan zezan.

Harrezkero, Bilboko Elizabarrutia "Vox estis lux mundi" dokumentuan jasotako eskaera aztertzen aritu da, eta behin zirriborroa esku artean duela, batzordea aurki eratuko duela aurreikusi du.

Elizbarrutiko auzitegiko justizia fiskalak zuzenduko du batzorde hori, eta beste lau pertsona laikok osatuko dute: ikerketa polizialarekin, hezkuntzarekin, aisialdiarekin eta Lagungo Fundazioarekin zerikusia dute horiek. Dagoeneko hautatu dituzte lau ordezkariak.

Elizbarrutiaren webgunean, abusuak saihesteko gidaliburua argitaratu zuten aspaldi, eta batzordearen helburua da denborarekin jarraibide horiek "hobetzea". Horregatik, posta elektroniko helbide bat sortuko dute, behar duenak salaketak posta bidez jar dezan, eta hortik aurrera ikerketa abiatu dezaten.

Elizbarrutian lanean dagoen pertsona orori zuzenduta egongo da batzordea, dela elizgizonei, dela langile laikoei. Horrekin lortu nahi dutena da Eliza "toki segurua izatea bertara doazen guztientzat; batik bat, adin txikikoentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur Delituak Umeak albisteak gaur Sexu abusuak Eliza Katolikoan