Gizartea -
Eguraldia
Beroagatik abisu horia ezarri dute Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean
Euskalmeten arabera, 14:00etatik 17:00etara 36 ºC-ra igo daitezke termometroak.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarriko du gaur Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, muturreko tenperatura oso altuak espero baitira. Izan ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 36 ºC-ra igo daitezke termometroak toki horietan.
Abisua osteguneko 14:00etatik 17:00etara egongo da indarrean, Jaurlaritzak ohar baten bidez zehaztu duenez. Abisua emateaz gain, beroari aurre egiteko gomendioak ere eman dituzte.
Gaur, osteguna, tenperaturak gora egiten jarraituko du, batez ere barnealdean. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta termometroak 36 ºC-raino iritsiko dira toki askotan. Kostaldean eki/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da arratsaldean, eta 30-33 ºC-ko balioak espero dira. Zeruan, ostarte zabalak gailenduko dira, baina erdi mailako hodeiak eta goi-hodei batzuk ere izango dira. Arratsaldean, bero-hodeiak garatuko dira, eta zaparrada trumoitsu bakanen bat bota dezake.
Ostiralean, freskatzera egingo du iparraldean. Lurraldearen erdialdean eta hegoaldean, bero handia egingo du oraindik, eta maximoak oso antzekoak izango dira. Isurialde atlantikoan, aldiz, 25 eta 30 ºC artean ibiliko dira beroenak. Haizea izango da jaitsieraren eragile nagusia; kostaldean, mendebal/ipar-mendebaldetik ibiliko da, eta tenperaturak gora ez egitea eragingo du. Horrekin batera, haizeak behe-hodei batzuk sar ditzake arratsaldean, eta isurialde atlantiko osoan heda daitezke iluntzerako.