Gizartea -
Almerian
Lau etorkin hil eta beste 18 desagertu dira ontzi bat hondoratu ostean
31 etorkin onik erreskatatu dituzte. Hiru urteko umetxo baten eta urtebeteko haurtxo baten gorpuak aurkitu dituzte arratsaldean, Sacatrif lurmuturretik 23 miliara.
Erredakzioa
Adrako (Almeria) hegoaldean bart hondoratutako ontziak lau hildako utzi ditu momentuz. 31 etorkin erreskatatu dituzte larrialdi zerbitzuek. Hildakoen artean, bi adingabeak dira, eta 18 lagun desagerturik daude, lekukoek azaldu dutenez.
Hasiera batean 29 lagun onik erreskatatu dituztela jakinarazi dute larrialdi zerbitzuek, baina behin betiko zenbaketak 31 etorkin (guztiak Saharaz hegoaldekoak) onik atera direla esan du.
Oraindik desagerturik dauden etorkinen artean, emakume bat dago. Gainerako desagertu guztiak gizonezkoak dira.
Bi gorpu Sacatrif lurmuturretik 23 miliara aurkitu dituzte arratsaldean: Hiru urteko haurtxo batena eta urtebeteko umetxo batena.
Motril herrian bart erreskatatutako etorkinak ondo daude. Haien artean hiru emakume eta hiru ume daude, eta azken horiei probak egingo dizkiete adinak zehaztasunez jakiteko.