Gizartea -

Osasunaren Mundu Erakundea

Espainiak ordaindu eta OMEn botoa berreskuratu du

OMEko Minbiziaren Nazioarteko Ikerketa Zentroaren bileretan botoa berreskuratu du Espainiako Gobernuak, zor zituen azken kuotak ordaindu ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) Minbiziaren Nazioarteko Ikerketa Zentroaren bileretan botoa berreskuratu du Espainiako Gobernuak, azken kuotak ordaindu barik utzi zituen akats burokratikoa konpondu ostean. Horrela, erakundearekin zituen zorrak kitatu ditu Exekutiboak.

Zientzia Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, Carlos III Osasun Institutuak Espainiaren ordezkaritza eramaten du erakunde horretan. Institutuak 850.000 euroko ordainketa egin du dagoeneko. Horrela, 2011ko kuota ordaindu du Espainiak, eta osteguneko bileran parte hartu ahal izango du.

Gainera, 2009ko eta 2010eko zorrak kitatzeko akordio bat lortu dute, ondorioz, 750.000 eta 850.000 euro ordaindu beharko dituzte hurrenez hurren. Izan ere, Zientzia Ministerioak erakundean jarraitzeko interesa du.

Osasun Ministeriotik Zientzia Ministerioara eskuduntzak transferitu zituzten, duela hiru urte azkena sortu ostean. Transferentzien lekualdatze horretan akats administratibo bat izan da eta kuotaren ordainketa oztopatu omen du horrek.

Horrela, Carlos III Institutua Cristina Garmendiaren Ministerioren agindupean jarri dute. Ondorioz, nazioarteko erakundeetako urteroko kuoten eta diru-laguntzen kudeaketa bere gain hartu ditu Zientzia Ministerioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea