Gizartea -
PIRINIOAK
Santurtziko mendizalearen gorpua datorren astean iritsiko da Bizkaira
Beste mendizale batzuek aurkitu zuten ostiral arratsaldean Rafa Castañosen gorpua. Bizkaitarra joan den larunbatean desagertu zen.
EITB.EUS
Frantziako Pirinioetan desagertu zen mendizale bizkaitarraren gorpua Tarbesera eraman dute larunbat honetan, eta datorren astean iritsiko da Bizkaira.
46 urteko Rafael Castaños santurtziarraren hilotza mendizale batzuek topatu zuten ostiral arratsaldean. Gorpuak kolpe ugari zituen, Gavarnieko Segurtasun Konpainiako (CRS) bozeramaile batek jakitera eman duenez.
Mendizalea La Fruitereko aparkalekutik (1.371 metroko altitudea) abiatu zen larunbatean, 08:00ak aldera, eta, kasu hauetan ohikoa den bezala, ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko.
Estomeko mendi-aterpean (1.804 metro) lo egiteko eta igandean itzultzeko asmoa zuen, baina ez zuen bertan gaua pasa. Horregatik, familiak Frantziako zerbitzuei abisua eman zien iragan astelehenean.
Mendizalea bakarrik zihoan, eta senideen hitzetan, mendian eskarmentu handia zuen. CRSren arabera, aukeratutako ibilbidean ez da jende askorik ibiltzen, trekking eta eskalada alpinoa uztartzen dituelako, eta "nolabaiteko teknika" beharrezkoa da.