Gizartea -

Sentsibilizazio kanpaina

Alzheimerrari aurre egiteko sentsibilizazio kanpaina bat jarri dute martxan Bilbon

‘Zeure burua zaintzen duzunean, Alzheimerrak pausu bat atzera egiten du’ lelopean, Pasqual Maragall Fundazioak Alzheimerraz ohartarazteko sentsibilizazio kanpaina berria jarri du martxan.

Alzheimerrari aurre egiteko sentsibilizazio kanpaina, Bilbon. Argazkia: Bilboko Udala
Alzheimerrari aurre egiteko sentsibilizazio kanpaina, Bilbon. Argazkia: Bilboko Udala
Alzheimerra entzun eta zer datorkigu burura?

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zeure burua zaintzen duzunean, Alzheimerrak pausu bat atzera egiten du’ lelopean, Pasqual Maragall Fundazioak Alzheimerraz ohartarazteko sentsibilizazio kanpaina berria jarri du martxan larunbat honetan Bilbon. Ildo horretatik, bizimodu osasuntsua eramatea gaixotasun horri aurre egiteko sendagairik onena dela erakutsi nahi du elkarteak.

Bilbo izan da ekimen honen abiaburua, baina Pasqual Maragall Fundazioak jakitera eman duenez, datozen asteetan Espainian zehar ibiliko dira. Halaber, adin guztientzako jarduera desberdinak prestatu dituzte, tartean koreografiak edota tailerrak.

Cristina Maragall elkarte horretako bozeramailea Bizkaiko hiriburuan izan da, jardunaldiaren aurkezpenean. Bilboko Udalak ohar batean azaldu duenez, bat egin du Alzheimerra saihesteko antolatutako kanpaina horrekin.

Gainera, nazioarteko ikerketen arabera, gaitz hori jasateko aukerak murrizteko edo atzeratzeko aukera dago hiru kasutik batean, bizimodu osasuntsua eramanez.

Izan ere, ez dago sendagairik etorkizunean alzheimerra garatuko ez dela bermatzen duenik, baina, nazioarteko adituek “arrisku-faktore aldagarriak” daudela frogatu dute, baita horietan eragiteko modua ere. Hala, dementziarekin zerikusia duten arrisku-faktoreen artean honakoak ageri dira: gorputz jarduera urria, tabakismoa, osasunerako elikadura eskasa, alkoholaren kontsumo kaltegarria, bakartze soziala edota ezagumen-jarduera urria.

Gauzak horrela, bizimodu osasuntsua eramanez alzheimerra saihestu daitekeela ohartarazi nahi ditu herritarrak Pasqual Maragall Fundazioak.

Bilboko Udalak azaldu duenez, “herritar guztiak sentsibilizatzea eta informatzea da kanpaina horren helburua, alde batera utz ditzaten alzheimerrari lotutako uste faltsuak”. Izan ere, “saihestezina den gaitz hereditarioa dela pentsatu arren, ez da hala”.

“Prebentzioa oso garrantzitsua dela badakigu. Inoiz ez da berandu alzheimerra saihesten hasteko, izan ere, guztion eskura dago gaixotasun horri aurre egiteko neurriak hartzea”, esan du Cristina Maragallek, kanpaina horren aurkezpenean. Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateordea ere bertan izan da.

Pasqual Maragall Fundazioa 2008ko apirilean sortu zen, Pasqual Maragall Bartzelonako alkate ohi eta Kataluniako Generalitateko lehendakari ohiari alzheimerra diagnostikatu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaiko albisteak EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Alzheimer kasuak Ongizate emozionalari buruzko albisteak