Gizartea -

Urtekaria

Kontseilua:'Administrazioek ez dituzte normalizaziorako urratsak eman'

Lehen aldia da Kontseiluak lan hau egiten duena, eta urtekariarekin batera, hizkuntza-politikaz sortu duen bloga ere aurkeztu du Kontseiluak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntza-politikari buruzko urtekaria aurkeztu du gaur Bilbon eta, besteak beste, administrazioek euskararen normalizaziorako "beharrezkoak diren urratsak" ez dituztela eman azpimarratu du ondorioen artean.

Lehen aldia da Kontseiluak lan hau egiten duena, eta urtekariarekin batera, hizkuntza-politikaz sortu duen bloga ere aurkeztu du Kontseiluak.

Aurkezpenean, urtekariaren ondorioen beri eman du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. "Administrazioen jardunari dagokionez, nabaria da ez dituztela euskararen normalizazioari dagokionez beharrezkoak diren urratsak eman. Are gehiago, zenbait kasutan atzerapausotzat har daitezkeen neurriak hartu direla ere esan dezakegu, normalizazio prozesua are gehiago geldotzen duten neurriak, hain zuzen ere", adierazi du.

Administrazioen jarrerarekin alderatuz, berriz, herritarrek agertutakoa "oso bestelakoa" izan dela nabarmendu du Bilbaok, "herritarrek euskaraz bizitzeko beren borondatea inoiz baino argiago eta indartsuago erakutsi dutelako".

Alorrez alor aztertu du Kontseiluak 2010eko hizkuntza-politika. Hezkuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren hiru eleko esperientzia aipatu du Bilbaok. "Hezkuntza Sailak urte hauetako guztietako esperientziak erakutsitakoari muzin egin dio eta esperimentazioari heldu dio, esperientzia pilotuak ezarriz", esan du.

Nafarroako TIL ereduaren kasua ere aipatu du Bilbaok, zeinaren bitartez ingelesaren irakaskuntza euskararen gainetik jartzen den. "Ipar Euskal Herrian, oraindik ez da belaunaldi berriak osorik euskalduntzea ahalbidetuko duen politikarik abian jarri eta Administrazioak euskarazko ereduen beharrei entzungor egiten jarraitzen du", azaldu du Bilbaok.

Administrazioaren euskalduntzeari dagokionez, EAEn administrazioaren euskalduntzea "eragozten edo galgatzen duten elementuek indarrean" darraitela eta zenbait kasutan "atzerapausoak" ere eman direla salatu du Bilbaok. Nafarroan, administrazioa euskalduntzeko plangintzarik ez dagoela aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, zenbait herriko etxek langileak euskalduntzeko eta zerbitzu batzuk euskaraz emateko ahalegina egiten jarraitu bazuten ere, "beste urte bat pasa da Administrazio publikoa euskalduntzeko plangintza orokor eta koherenterik gabe".

Alor sozioekonomikoan Kontseiluari "kezka bizia" sortu dion aldaketa ezagutu dela aipatu du Bilbaok. "Kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko dekretuan funtsezko aldaketa bat gertatu da. Aldaketa horren arabera, aurreikusitako zehapenak ez dira aplikatuko, eta beraz, herritarren eskubideak enpresen borondatearen menpe geratuko dira", esan du.

Gainera, Bilbaok salatu du Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, "beste urte batez", ez dagoela alor sozioekonomikoan euskararen normalizazioa lortzeko inolako arau, plangintza edota egitasmo instituzionalik eta ondorioz lan-munduan euskararen presentzia enpresa eta langileen borondatearen araberakoa da.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, Nafarroan "bereziki larri da egoera, beste gauza batzuen artean Gobernuak diru-laguntzak aski-ezak direlako". EAEn ere "murrizketak" eman dira 2010ean, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) iazko diru-laguntza banaketak egonkortasuna eskaini zion sektoreari, baina "begi bistakoa da Ipar Euskal Herrian helduen euskalduntzea hedatzeko baliabide gehiago beharko dela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea