Gizartea -
Nafarroa
Auzolanaren eredua babestu dute Bakaikuko herritarrek
Azken hilabeteetan herritarren artean landutako proposamenaren agertu da kontsultan parte hartu dutenen gehiengoa.
eitb.eus
Bakaikun, auzolanari buruzko eredu berriak herritarren babesa jaso du gaurko kontsultan. Erroldatutako herritarren % 52k parte hartu dute kontsultan, eta gehiagoaren baiezkoa jaso du azken hilabeteetan herritarren artean auzolanari buruz landutako proposamenak.
Galdera honi erantzun behar izan diote: Proposatutako auzolan eredua martxan jartzearekin ados zaude? Herritarrek baiezko bozka, ezezko bozka edo boto zuria emateko aukera zuten.
Udala izango da auzolana kudeatuko duena. Udalak auzolanean egingo diren lanak proposatu arren, herritarrek ere aukera izango dute lanak proposatu eta aukeratzeko. Era berean, herriaren alde egiten diren lanak, nahiz eta udalarekin loturarik ez izan, auzolan moduan zenbatzea posible izango da udalarekin adostua bada.
Proposamena irekia eta malgua da. Auzolana martxan jarri eta gero, urtebetera aztertu eta behar diren aldaketak edo doikuntzak egiteko tartea irekiko da. Beharrezkoa ikusten bada, urtebetera auzolan proposamenaren berrespen galdeketa burutuko da. Herriaren beharren eta pilatutako esperientziaren arabera aldatzen joan beharko luke; horretarako, noizbehinkako azterketak egingo dira herritarrekin.
Auzolana historikoki lan fisikoarekin lotuta egon da, hala ere, proposamen honen bitartez beste mota batzuetako lanak gehituko dira. Adibidez, lan intelektuala edo kudeaketa lana: batzordeetan parte hartu, ingeniaritza lanak, kulturaren transmisioa, norberaren jakinduria edo ezagutza herriaren alde erabili, koordinazio lanak eta abar luzea. Finean, herriaren alde egin daitekeen edozein ekimen izan daiteke auzolana. Xedea, herritarrei beraien arlo, behar edo nahien araberako ekarpena egiteko aukera eskaintzea da.
Proposamena maiatzean egindako herritar bileretan adostu zen. Proposamen horren helburua, Bakaikun auzolanarekin lotuta egiten diren lanak arautzea da. Auzolana Bakaikun erroldatuta dauden 18tik 55 urte bitarteko herritarrek egin beharko dute. Gainera, erroldatutako herritar bakoitzak auzolan bat egin beharko du gutxienez urtean eta auzolana bost lanordukoa izango da. Bestalde, ezgaitasunak edo auzolanarekin bateraezinak diren gaixotasunak dituzten pertsonak salbuetsita egongo dira.