Gizartea -
Erraustegia
GHK-k ez du helegiterik jarriko Errazkinen eta Intxaurrandietaren absoluzioaren aurka
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak horixe erabaki du, baina Bilduko kudeatzaileei ardurak eskatzen jarraituko du erraustegiaren proiektua gelditu zutelako.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez du helegiterik jarriko Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta absolbitu zituen epaiaren aurka, baina Bilduko kudeatzaileei ardurak eskatzen jarraituko du erraustegiaren proiektua gelditu zutelako.
Foru Aldundiko eta mankomunitateetako ordezkariek "aho batez" hartu dute erabakia gaur GHKren asanbladan, Gipuzkoako hondakinen kudeaketaz arduratzen den erakundeak jakinarazi duenez.
Espainiako Kontu Auzitegiak, aurreko ekainaren 4an emandako ebazpen batean, absolbitu egin zituen Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta Kontsortzioko kudeatzaile ohiak, EAJren eta PSE-EEren esku dagoen erakundeak jarritako salaketa baten aurrean absoluzioa eman eta horri jarri zioten helegiteari erantzunez.
Auzitegi Gorenean helegiterik ez aurkezteko erabakia GHKren asanbladan adostu dute, helegitearen bideragarritasunari buruzko txostena irakurrita. Izan ere, txostenean adituak azaltzen duenez, "zaila du tramitera onartzeko izapidea gainditzea".
GHK-k aitortu du helegiteari uko egiteak amaiera ematen diola diruzko ardurak eskatzeko prozedurari.
GHKren asanbladak, aldeko % 75,1eko botorekin, bi txosten eskatu ditu ebazpenaren aurrean "dagozkion ekintzak zeintzuk diren" erabakitzeko, eta Bilduko kudeatzaile ohien "balizko kaltea zein eta zenbatekoa den" zehazteko.