Gizartea -
1968an hondoratu zen
'Minerve' urpeko ontzia aurkitu dute
'Minerve' 2.400 metroko sakoneran topatu dute, Touloneko portutik 45 kilometrora. 'Minerve' 1968ko urtarrilaren 27an desagertu zen.
Agentziak | Erredakzioa
Minerve urpeko ontzia topatu dute, Florence Parly Frantziako Defentsa ministroak astelehen honetan iragarri duenez. Frantziako Armadaren itsaspekoa duela 51 urte hondoratu zen, 52 tripulatzaile zeramatzala.
2.400 metroko sakoneran topatu dute, Toulon hiriko portutik (Mediterraneoa) 45 kilometrora, Frantziako Defentsa Ministerioaren arabera.
Itsaspekoa 1968ko urtarrilaren 27an desagertu zen. Hegazkin batekin batera ariketa egiten ari zen, Toulondik atera ondoren. Ariketa bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi kaskarragatik.
Bilaketak
1968an eta 1970ean urpeko ontzia bilatzeko bi saiakera egin zituzten, baina ez zuten aurkitu. Garai hartan, bilaketak 2.000 metro baino sakonago egiteko aukerarik ez zegoen, Ministerioaren esanetan.
Oraingoan, ostera, prospekziorako bi ontzik parte hartu dute operazioan, baita itsaspeko hegazkin ez tripulatu bat eta Nautile urpeko ontzia ere, Titanic-en hondakinak aztertu zituena.
Minerve ontziko marinelen oroimenez, haien senideekin zeremonia bat egiteko asmoa du Defentsa Ministerioak.