Gizartea -
Leon Erregea balkoira atera da
Avironek giltzak bota eta bestari hasiera eman dio Baionan
Milaka pertsonak bero sapari aurre egin diote festen hasiera ospatzeko. Txupinazo alternatiboa Saint Andre plazan jaurti dute, eta bertan migratzaileak izan dira protagonistak.
eitb.eus
Besta lehertu da Baionan (Lapurdi). Ohitura den bezala, Leon Erregea udaletxeko balkoira atera da, eta hiru auzoetako giltzak bota dituzte. Horrela, bost gau eta lau egun luzatuko den jaia hasi da.
Aviron Bayonnais errugbi taldeko zuzendariei, prestatzaileei eta jokalariei giltzak botatzeko ardura egokitu zaie, iragan denboraldian Top 14an jokatzeko txartela lortu ondoren. Milaka pertsonak bero sapari aurre egin diote festen hasiera ospatzeko.
Lehentxeago, 20:00ak aldera, txupinazo alternatiboa jaurti dute Saint Andre plazan. Diakite migratzaileak laguntzen dituen elkarteko ordezkariek bota dute txapligua.
Bigarren urtez jarraian, jaietara hurbiltzen den jende andana kontua hartuta, Udalak tarifa bat ezarri du ostiral eguerditik igandera bitartean.
Horrela, Baionara hurbiltzen diren bisitariek zortzi euro ordaindu beharko dituzte, iaz bezalaxe. Dirua jaietan zehar segurtasun neurriak areagotzeko eta kultura ekitaldi gehiagotan inbertitzeko erabiliko dute.