Gizartea -

Mehatxuak

Gizon bat atxilotu dute Iruñean emakume bati labanaz mehatxu egitea egotzita

Biktimak ez zuen gizona ezertaz ezagutzen, baina atzetik joan zaio eta berarekin joateko eskatu dio, emakumeak ezetz esan, eta gizonak labana batez egin dio mehatxu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak 65 urteko gizon bat atxilotu du Iruñean, Arrotxapea auzotik oinez zihoan emakume bati labana batez mehatxu egitea egotzita.

Nafarroako Poliziaren Buruzagitza Nagusiak jakitera eman duenez, 03:30 aldera, herritar batek Poliziari deitu dio bi lagun eztabaidan ari zirela eta gizonak emakumeari mehatxu egin diola ohartarazteko.

Poliziaren patruila bat mehatxuak izan omen diren tokira iritsitakoan, agenteek gizon bat eta emakume bat ikusi dituzte, eta labana bat aurkitu dute lurrean.

Emakumearen arabera, ez zuen gizona ezertaz ezagutzen, baina atzetik joan zaio eta berarekin joateko eskatu dio, eta berak ezetz esandakoan, gizonak labana batekin egin dio mehatxu.

Emakumea izutu eta oihuka hasi da laguntza eske. Polizia heldu denean, gizonak lurrera bota du labana, baina atxilotu egin dute, arma zuri batez mehatxu egin izana egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa