Gizartea -
Izapideak
Droneen hegaldiak Internet bidez jakinarazi ahal zaizkio jada Ertzaintzari
Izapidea hegaldia egin baino 10 egun lehenago egin behar da, gutxienez.
Agentziak | Erredakzioa
Droneen erabilera araututa dago Euskadin, eta baimenik izan ezean debekatuta dago urruneko kontrolaren bidez gidatuta aireontziak hiri, herri edo biztanle guneetako eraikin multzoen gainetik edo aire zabalean elkartutako pertsona taldeen gainetik igarotzea. Baimena lortzeko izapidea Ertzaintzari jakinarazi behar zaio, eta Internet bidez egiteko aukera eman du berriki Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Izapidea Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egin daiteke hegaldia egin baino 10 egun lehenago, gutxienez. Webgunean ez ezik, ertzain-etxeetan ere egin daiteke eskaera.
Jaurlaritzak ohar batean gogorarazi duenez, 2018ko azaroaren 22an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian droneen hegaldiak jakinarazteko betebeharra. Hala, hegaldia debekatzeko edo mugatzeko beharra baloratu ahalko dute agintariek, pertsonei edo ondasunei kalte egiteko arrisku larria sor litekeela iritziz gero.
Segurtasun Sailaren arabera, izapide elektronikoa gaituta "beste urrats bat" eman da.