Gizartea -
Gasteizen
Saltzaile bat eta bere semeak atxilotuta, lapurreta egiteagatik
Atxilotu duten emakumeak lan egiten duen supermerkatuan izandako lapurreta baten konplize izatea egozten diete ama-semeei. Gertakizuna otsailean jazo zen, 6.000 euro inguru lapurtu zituzten.
Erredakzioa
Gasteizko saltoki batean izandako lapurretaren ustezko egilea atxilotu du Ertzaintzak. Berarekin batera, supermerkatuan lan egiten duen emakume bat eta bere bi semeak hatzeman 6.000 euro inguruko lapurretaren konplize direlakoan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, lapurreta joan den otsailaren 5ean gertatu zuen. Antza, ezezagun batek pistolaz mehatxu egin zion bertako langile bati.
Gaueko 21:20 aldera inguruko banketxe baten buzoira supermerkatuan egindako diru-bilketa sartzera zihoala gizonezko batek diru-zorroa eskatu zion eta 6.000 euro inguru lapurtu zizkion.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen eta atzo 23 urteko gazte bat atxilotu zuten ustezko lapurra delakoan. Horrez gain, supermerkatuko saltzaile bat, 43 urteko emakumea, eta bere bi semeak, 21 eta 29 urtekoak, atxilotu dituzte agenteek lapurretarekin zerikusia dutelakoan.