Gizartea -
Balantzea
Baionako bestetan hiru eraso sexista izan direla baieztatu dute
Balantze orokorrean, euriak ez ditu bisitariak uxatu, ia milioi bat, iaz bezala. Bestalde, jai eremura sartzeko ordainketa sistemari eutsiko diotela iragarri dute.
eitb.eus
Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak asteazken honetan baieztatu duenez, emakumeen sexu askatasunaren aurkako hiru eraso izan dira Lapurdiko hiriburuko bestetan. Vuelta Simonek agerraldia egin du gaur goizean Baionako Herriko Etxean, Jean-Rene Etchegarayrekin eta Herve Jonathanekin batera aurtengo jaien balantze orokorra egiteko.
Kazetarien aurrean azaldu duenez, une hauetan bi prozedura judizial daude martxan, horietako bat, bortxaketagatik. Vuelta Simonek azaldu duenez, erasotzailea inputatuta dago, epailearen kontrolpean aske.
Beste kasu batean, oraindik identifikatu gabe dauden bi gizon emakume bati eraso egiten saiatu ziren. Alabaina, ihes egitea lortu zuen emakumeak, eta salaketa jarri zuen gero.
Bien bitartean, ukituak jasan zituen adingabearen kasua ikertzen jarraitzen dute. Kasu honetan, biktimak ez zuen salaketa judizialik jarri nahi izan, ezin izango lituzkeelako hiru erasotzaileak identifikatu. Hala ere, sexu erasoa publiko egin du, sexu erasoen aurkako gunera joanez.
Balantze orokorrean, euriak ez ditu bisitariak uxatu, ia milioi bat, iaz bezala. Testuinguru horretan, pozik agertu da Jean-Rene Etchegaray.
Halaber, jai eremura sartzeko ordainketa sistemari eutsiko diotela iragarri dute, sistema horrek bertaratzen direnen segurtasuna hobetzeko aukera ematen baitu. Adierazi dutenez, segurtasun neurri horrek delituak murrizten lagundu du.