Gizartea -

Tuteran gertatu da

Burlatako gizon bat itota hil da Ebro ibaian arrantzan ari zela

Larunbatean 17:00ak aldera gizona uretan sartu zen kanaberan sortutako korapiloak askatzera eta urak eraman zuen; erreskate taldeek 21:00etan aurkitu zuten bere hilotza.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

54 urteko gizon bat hil da itota bart, larunbata, Ebro ibaian senitarteko baten eta lagun baten konpainian arrantzan ari zela, Nafarroako gobernutik komunikatu baten bitartez azaldu dutenez.

Uretan sartu eta agertzen ez zela ikusita, gertatutakoaren gaineko abisua eman zioten lagunek handik pasatzen ari zen Foru Poliziaren patruila bati, 17:30ak aldera. Agenteek azaldu dutenez, Burlatako bizilaguna uretan sartu zen kanaberan zeuzkan korapilo batzuk askatzera eta ez zuten gehiago haren berririk izan.

112-SOS Nafarroa larrialdi taldeari berehala eman zioten abisua eta Tuterako suhiltzaileak, Babes Zibileko txalupa, ur erreskate taldeko kideak eta Foru Polizia eta udaltzaingoa ibili ziren arrantzan ari ziren gunea ikuskatzen, galdutako gizonaren bila. Psikologo talde bat ere bidali zuten senitartekoei laguntza emateko.

Erreskate taldeek 21:00ak aldera aurkitu zuten Burlatako bizilagunaren gorpua, Ebro ibaian Tutera parean. Handik, Iruñeko Medikuntza Legaleko Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea