Gizartea -
Ceutan gertatu da
Militar bat espetxera, emazteari eta alabari tratu txarrak emateagatik
Gorenak baieztatu du gainera, urte bat eta bederatzi hilabetez bere zereginetatik kenduko dutela emazteari eta alabei tratu txarrak emateagatik.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak urte bat, bederatzi hilabete eta egun baterako bere zereginetatik kendu du militar bat, Defentsa Ministerioak 2009an ezarritako zigor baten harira. Izan ere, Ceutako Kuartel Orokorrean lan egiten duen komandante erizainari kartzela zigorra ezarri zioten emazteri eta bi alabei tratu txarrak eman eta mehatxuak egiteagatik.
Ebazpenak onartutzat eman zuen 2005eko urrian kondenatuak, alabari hilda eta odoletan zegoen arratoi bat "aurpegitik gertu" jarri ziola, hark arratoiei zien higuina jakin arren. Horrek neskari "urduritasun asko" sortu ziola dio ebazpenak eta beraz, amari deitu behar izan ziola.
Hiruren arteko eztabaida "gogor" baten ostean, aitak alabari zaplazteko bat eta hainbat ostikada eman zizkion eta ondoren pistola baten bila joan zen "hau oraintxe bertan konponduko dugu; tiro bat emango dizut eta horrela arazoak amaituko dira" oihukatuz. Emakumeak eta alabak oheko arropa jantzita kalera alde egin behar izan zuten; handik harrera etxe batera eraman zituzten.
Sententziak onartutzat ematen du baita ere, gizonak sarritan iraintzen zituela bi alabak. Horietako bati "puta bat" zela esaten zion bere mutil-lagunak kristal beltzak zituen autoa zeukalako; legionario batek bortxatzea gustatuko litzaiokeela behin eta berriro adierazten zion. Beste alabari, berriz, elikadura arazo bat zeukala jakinda, "gizena zaude, ea argaltzen duzun, horrela ez zitu inork maiteko" eta antzekoak esaten zion.
Zigorra
Militarra 2007ko uztailean kondenatu zuten; urte bat, bederatzi hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zioten Ceutako Epaitegiek, emazteari eta alabei tratu txar psikologikoak sarritan emateagatik, zazpi hilabete eta 16 eguneko zigorra familia arloan tratu txar xinpleak emateagatik eta urte erdi gehiago mehatxuengatik. Edozein kasutan, azken bi kondena horiek komunitaterako lanengatik ordezkatu zizkioten.
Sententzia Cadizeko Lurralde Auzitegiak baieztatu zuen, eta beraz, bi urteko epean armak edukitzea eta emaztearengana eta alabetako batengana 300 metro baino gertuagora hurbiltzea galarazi zioten; baita eurekin edozein motatako komunikazioa izatera ere.