Gizartea -
Azterlan klinikoa
Dieta mediterraneoa eta oliba olioa, onena diabetesarentzat
Azterlan batek erakutsi du dieta horrek medikazio beharra txikitzen duela 2 motako diabetesa duten pertsonetan.
eitb.eus
Oliba olioan aberatsa den dieta mediterraneoak diabetikoen epe luzerako medikazio beharra murriztu dezakeela ondorioztatu dute Fernando Aros EHUko ohorezko laguntzaileak eta Angel M. Alonso irakasleak. Ikertzaileok egindako saiakuntza klinikoak 3.230 diabetiko baloratu ditu 3,2 urteren buruan, ausaz banatutako hiru dieta erabilita.
Izan ere, diabetesa proportzio epidemikoetara iritsi da. 2017an, 451 milioi pertsonari erasaten zien mundu osoan, eta osasun publikoaren egungo arazo larrienetako bat da. Espainiako estatuan, 10 heldutik batek gutxienez pairatzen du 2 motako diabetesa.
Lehenengo elikadura pautan, dieta mediterraneoa eta oliba olio birjina estra erabili ziren; bigarrenean, fruitu lehor nahaste bat olioaren ordez; hirugarrenean, kontrol taldearena, gantz gutxiko jakiez osatutakoa erabili zuten.
Azkenik, hiru taldeak aztertuta, ikusi da dieta mediterraneoaren eta oliba olio birjina estraren taldeko pertsonek % 22 murriztu dutela diabetesaren aurkako medikazio beharra, gantz gutxiko dieta egin duen kontrol taldearekin alderatuta.
Arosen esanetan,"dieta mediterraneo eta oliba olio birjina estraren dietak, medikazio behar txikiagoa (ahotik hartzekoa edo injekzio bidezkoa) eragiten du diabetikoengan, eta kontrol gluzemiko onena eragiten du".
Fernando Aros eta Angel M. Alonso. Argazkia: UPV/EHU
Bestalde, Arosek elikadura pautaren garrantzia nabarmendu du: "Zalantzarik gabe, eredu dietetikoa erabakigarria izan da, eta ezin da azaldu kaloria gutxiago kontsumitzeagatik, ariketa fisiko handiagoa egiteagatik edo pisua galtzeagatik, aldagai horiek saiakuntzatik kanpo gelditu zirelako eta ez zelako desberdintasunik egon horri dagokionez 3 taldeen artean".
Lanaren emaitzak argitaratu egin dira Diabetes Care aldizkarian, eta gaur egun Obesitate eta Nutrizio CIBER-ak lanean jarraitzen du PREDIMEDen laguntza izan duen ikerlan honetan.