Gizartea -
Ikerketa saria
EAEko enpresek patente propioak erabiltzea nahi du Patxi Lopezek
2010eko Euskadi Ikerketa Saria Maria Isabel de Arriortua EHUko Kristalografia eta Mineralogia katedradunari eman diote. Lehendakariak erronka hori planteatu du ekitaldian.
Erredakzioa
EAEko enpresek Euskadiko laborategi eta ikerketa zentroetan garatutako produktuen eta zerbitzuen patenteak erabiltzea "herriaren erronka" dela azpimarratu du Patxi Lopez lehendakariak. Teknologiaren inportazio eta esportazioen balantzea positiboa izan behar dela azaldu du Lopezek.
2010eko Euskadi Ikerketa Saria Maria Isabel de Arriortua Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kristalografia eta Mineralogia katedradunari eman diote. Lehendakariak erronka hori planteatu du ekitaldi horretan. Materiale kristalinoetan "egindako ekarpen zientifikoak" goraipatu ditu agintariak, ezaugarri magnetikoak dituzten osagai berriak sortu dituelako.
Euskadiren ezaugarri nagusiak adimena eta talentua izan behar direla nabarmendu du lehendakariak hitzaldian, zeremoniaren amaieran, ekonomiaren lehiakortasuna bermatzeko bitarteko direlako. "Egia da, pixkanaka-pixkanaka errealitate horretaz ohartzen ari gara, baina horrekin ez da nahikoa", gaineratu du.
Gazteen motibazioa
Ikerketa esparruan aurrera egiteko ikerlari onak izatea oinarrizkoa dela adierazi du Lopezek. Ondorioz, euskal gazteek "ikerketa zientifikoen aldeko apustua egiteko motibazio nahikoa jaso behar dute", erantsi du. Arriortua bezalako ereduek lan horretan lagundu egiten dutela gogorarazi du Gasteizko Exekutiboko buruzagiak.
"Gizartearen ereduek gazteak hezten dituzte eta Isabel Arriortua eredu bat da. Ikerketa lanbide dutenentzat eredu bat da, eta baita zientzia eta adimenaren bidetik jo nahi dutenentzat ere", adierazi du.