Gizartea -
GIPUZKOA
Aurrez aurreko talka batek hildako bat eta zauritu larri bat utzi ditu Gabirian
73 urteko hildakoa kontrako noranzkoan zihoan A-636 autobian. Bertaratu diren suhiltzaileek atera dute zauritua autotik, eta, bertan artatu ostean, Zumarragako Ospitalera eraman dute, larri.
EITB.EUS
73 urteko auto-gidari bat hil da eta beste bat larri zauritu da ostegun honetan A-636 errepidean, Gabiria parean (Gipuzkoa), aurrez aurre talka eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Hildakoa Gaintzakoa zen.
Bi ibilgailuen arteko istripua 13:15 aldera jazo da, Beasaingo noranzkoan. Kolpearen ondorioz, gidari bat hil da eta beste bat bere autoan harrapatuta geratu da. Bertaratu diren suhiltzaileek atera dute 52 urteko zauritua, beasaindarra, autotik, eta, bertan artatu ostean, Zumarragako Ospitalera eraman dute, larri.
Hildakoa kontrako noranzkoan zihoan A-636 autobian. Segurtasun Sailak zehaztu duenez, Renault Megane batek eta Citroen C5 batek aurrez aurre talka egin dute.
Lekukoen arabera, Renault Megane autoa kontrako noranzkoan zihoan autobiatik, argitzeke dauden arrazoiengatik.
Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, auto-istripuaren ondorioz errepidea itxi behar izan dute, eta arratsaldeko lehen orduetan 3 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Garabia autoetako bat eramaten, Gabirian (Gipuzkoa). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.