Gizartea -
Iruñea
Emakume bat atxilotu dute Iruñean aizkora batekin bizilagun bat mehatxatzeagatik
Salaketa jarri duen gizonak Poliziari jakinarazi dionez, urte eta erdi zeraman mehatxuak jasotzen. Dirudienez, emakumea bizilagunarekin obsesionatuta zegoen hildako anaia zelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
63 urteko emakume bat atxilotu dute Iruñean ustez aizkora handi batekin bizilaguna mehatxatzeagatik, Polizia Nazionalak jakitera eman duenez.
091 telefono zenbakian dei bat jaso zuten asteartean, 20:00etan, mehatxuaren berri emanez.
Terraza batean lagun batzuekin zegoela, auzoko emakume bat azaldu zitzaiola, eta aizkora batekin mehatxu egin ziola kontatu zion biktimak Poliziari, agenteek ohar batean jasotakoaren arabera.
Ikerketa abiatu ostean, ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu egin zuten. Etxean bertan atzeman zuten, eta hantxe zeukan aizkora gordeta.
Salaketa jarri duen gizonak Poliziari kontatu zionez, urte eta erdi zeraman mehatxuak jasotzen. Dirudienez, emakumea bizilagunarekin obsesionatuta zegoen hildako anaia zelakoan.
Atxilotua epailearen aurrera eman dute ustezko mehatxu larriak leporatuta.