Gizartea -

Kanariak

Kanaria Handiko sutea geldiarazi dute, baina ez dute mendean oraindik

Haize indartsuak sua kontrolatzeko lanak zaildu litzake. Mila pertsona atera behar izan dituzte etxetik eta mila hektarea erre ditu suteak.

Sutea Kanaria Handian. Argazkia: EFE
Sutea Kanaria Handian.
Sutea Kanaria Handian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean Kanaria Handiko Galdar udalerriko Juncalillo auzoan piztutako sutea geldiarazi dute, sua itzaltzeko lanetan diharduten lurreko eta aireko baliabideei esker, baina oraingoz ez dute menderatu, ezta egonkortu ere; izan ere, aurreikusita dagoen haize indartsuak, orduko 40 eta 70 kilometro arteko abiadurakoak, egoera zaildu lezake.

Angel Victor Torres Kanarietako presidenteak sutearen eboluzioari buruz hitz egin du prentsaurrekoan. Mila hektarea erre dira, eta mila pertsona atera behar izan dituzte etxetik.

Torresen esanetan, suteari aurre egiteko plana abiatu dute, eta sutearen garapenaren araberako ebakuazio planak aurreikusten dira bertan.

Lurreko suhiltzaileen —500 eta 600 pertsona artean ibili dira, txandaka, sutea itzaltzeko lanetan parte hartzen— eta aireko baliabideen —hamar helikoptero eta hegazkin txiki bat— lan "bikainari" esker, sutea geldiarazi eta aurrera ez egitea eta mila hektareako ingurutik ez irtetea lortu dute.

Presidentearen arabera, orain 230 pertsona ari dira sutea itzaltzeko lanetan, eta laster Babes Zibileko taldeak ere gehituko dira. Sutearen perimetroan (23 kilometrokoa) lanean ari direla esan du Torresek, sua inguratzen eta lubakiak egiten, suteak aurrera egin ez dezan eta toki altuagoetara irits ez dadin, horrek zaildu egingo bailuke egoera.

Horren aburuz, orduko 20 eta 30 kilometro arteko haize-boladak neurtu dituzte, baina orduko 40 eta 70 kilometro artekoak daude aurreikusita, eta hori "albiste txarra" da, sua piztu eta areagotu dezakeelako.

Hiru puntu gatazkatsu egon arren, Tejedako udalerrikoa da kezkagarriena, oso inguru menditsua baita. Hala ere, datozen lau edo bost orduotan sutearen perimetroa mantentzea lortzen badute, "suteari aurre egitea lortuko dugu".

Bizilagunak, etxetik kanpo

Etxetik irtenarazi dituzten bizilagunetako asko etxera itzuli ahal izan dira igandean zehar. Hala ere, mila pertsona inguru daude oraindik etxetik kanpo. Gauean, 125 lagunek alde egin behar izan dute etxetik Tejedan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kanariak