Gizartea -

Deitzaileen arabera

Puerta del Soleko elkarretaratzeak ez du 'iraupen zehatzik' izango

Bilbon eta Donostian ere elkarretaratzea egingo dute arratsaldean, Arriaga Antzokiaren aurrean eta Boulevardean. Epaileak aske utzi ditu goizean, Madrilen, atxilotutako 18 gazteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Protestaren iraupena "hasiera batean zehazterik ez" dagoela esan dute elkarretaratzearen deitzaileek, izan ere, "gai asko eztabaidatu behar dituzte eta zenbat herritarrek parte hartuko duten ez dago jakiterik". Gobernuaren Ordezkaritzari ohartarazi diote deitzaileek agiri baten bidez, Twitter sare sozialean.

Dokumentu horretan azaldu dutenez, "bileraren helburuen artean, herritarrek klase politikoaren ustelkeriaz eztabaidatzea, benetako demokrazia aldarrikatzea eta alderdi-bitasuna salatzea daude".

Gainera, "kaleetatik protesta egitea aurrikusi ez" dutela erantsi dute, Solen "bilera estatiko bat" egitea baizik. "Partehartzaile talde batek liskarrik ez izatea bermatuko dute eta identifikatzeko jaka islatzaile bat eramango dute soinean". "Partehartzaileen izaera bakezalea bileraren ezaugarrietako bat da", gaineratu dute.

Herritarren ezinegona

Iragan larunbatean Madrilgo Puerta del Sol plazan egindako elkarretaratzeko partehartzaileek deia egin dute gaur iluntzean protesta berria egiteko. Twitter bidez egin dute deialdia, eta protesten azken irudiak Youtuben igorri dituzte. Bart iluntzean poliziak Puerta del Soletik bota zituen, eta horrek areagotu egin ditu Internet bidezko kritikak.

''Benetako demokraziaren alde'' lelopean egindako mugimenduak kanpaldia egin zuen Madrilgo Puerta del Sol plazan. Bart, poliziak hustu egin ditu, eta gaur eguerdian atxilotuek deklaratu egin dute.

Bart hainbatetan entzun da ''Indarkeriarik ez'' leloa, eta, esaldi hori Twitterrera ere eraman dute. Atzo bi ''hastag'' agertu ziren sare sozialean kanpaldiaren inguruan (#acampadasol eta #spanishrevolution), eta gaur beste bi gailendu dira.

Lehengoa gaueko 5:00etan agertu da: #nonosvamos. Gai honen bitartez, Poliziak erabilitako "indarkeria" salatu dute.

Twitterreko erabiltzaileek elkarretaratze berria deitu dute, gaur arratsalderako. 20:00etan hasiko da, Puerta del Sol plazan. Gobernuko kideei protesta honetara etortzeko gonbitea luzatu diete. Horrez gain, igandera arte, Puerta del Sol plazan kanpaldia egiteko baimena exijitu dute.

Bestalde, poliziak atxilotutako 18 gazteak aske utzi ditu epaileak gaur arratsaldean.

Bilbo ere kalera irtengo da

Bilbotarrak ere Twitterren bidez antolatzen ari dira Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean beste elkarretaratze bat egiteko. #acampadabilbao eta #nonosvamos hastagen bidez giroa berotzen ari dira Sarean. Hitzordua aipatutako lekuan izango da arratsaldeko 20:00etan. Aldez aurretik, 17:00etan, batzarra bat egingo dute tartean, egungo egoera ekonomiari buruz eztabaidatzeko.

Era berean, Donostiak protestekin bat egingo du, Boulevardean, 20:00etan.

Gainera, ''Democracia real ya'' mugimenduko Bilboko kideek batzarra egingo dute Bizkaiko hiriburuan protesta ekitaldi gehiago egin ala ez erabakitzeko, iragan igandean aldaketa politiko eta soziala eskatzeko egindako manifestaldiaren ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea