Gizartea -
Ikerketa
Espainiak delitu zantzuak antzematen ditu haurdunaldi subrogatuko agentzia batzuetan
Dolores Delgado Espainiako jarduneko Justizia ministroak zehaztu duenez, ez dira ikertzen ari gurasorik, ezta adingaberik ere, hainbat agentzia baizik, "ez denak".
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako jarduneko Justizia ministro Dolores Delgadok haurdunaldi subrogatuko hainbat agentziaren balizko delitu zantzuak eraman ditu Estatuko Fiskaltza Nagusira, hala behar izanez gero, ikerketa abiatzeko. Horren esanetan, baina, ikerketa horrek ez luke eraginik izango gurasoengan, ezta adingabeengan ere.
Justizia Ministerioak astelehen honetan eman du erabaki horren berri, agiri baten bidez. Bertan zehaztu duenez, espainiar legeek debekatu egiten dute haurdunaldi subrogatuaren praktika, eta zerbitzu horiek eskaintzen dituzten "agentzia batzuk aberasten ari dira, legez kanpoko praktika hori beste zenbait herrialdetan baliatuz".
Eskaeran, Espainiako Gobernuak kontuan hartu du herrialde jakin horietan balitekeela emakume haurdun horien eskubideak urratzea, eta batzuetan umeek inolako lotura genetikorik ez izatea adoptatuko dituzten bikoteekin.
Delgado: "Ez da ikertuko gurasorik, ezta adingaberik ere"
Efe albiste-agentziari egindako adierazpenetan, Dolores Delgado jarduneko Justizia ministroak esan du ez dela gurasorik ikertuko, ezta adingaberik ere, agentzia batzuk baizik, eta "ez guztiak", baina ez du zehaztu zenbat.
"Gai hau oso larria da", nabarmendu du ministroak. Espainian, 2006tik dago debekatuta haurdunaldi subrogatua, eta jarduneko ministroak esan duenez, agentzia batzuk "emakumeen sabelarekin ari dira negoziatzen" eta "adingabeekin ari dira trafikatzen".