Gizartea -
Polizia-operazioa
Ertzaintzak iruzurgile sare bat desegin du
Maula egiten eta dokumentuak faltsutzen zituen taldeko bederatzi kide atxilotu dituzte. Espainiaz gain, Europako beste herrialde batzuk ere zituen jomuga ustezko gaizkile taldeak.
Erredakzioa
Ertzaintzak iruzurgile eta dokumentuak faltsutzen zituen Espainiako talde handienetako bat desegin du, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Ustezko gaizkile taldeak dokumentazio faltsua erabiltzen zuen banketxeetan kontuak irekitzeko eta horien bitartez iruzur egiteko, aipatu iturrien arabera.
Ertzaintzak uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zegoen mota horretako talde garrantzitsuena zela eta handienetakoa Estatu mailan. Bilboko 9. Instrukzio Epaitegiak zuzendutako ikerketan Espainiako Poliziak ere parte hartu du, Madrilen eta Murtzian.
Iruzurgile taldea desegiteko ikerketa iragan astean amaitu zuen Ertzaintzak, bederatzi kideren atxiloketarekin. Atxiloketez gain, hamahiru etxebizitza eta lokal miatu dituzte, Bilboko bi denda tarteko. Denda horietan atzerriko nortasun agiri faltsuak eta lapurtutako bankuko paperak eta fakturak aurkitu zituzten.
Taldeko nagusitzat jotzen dena Madrilen bizi zen eta handik taldeko gainerako kideei dokumentu faltsuak banatzen zizkien. Gizonezko hori Frantzian, Belgikan eta Espainian zehar ibili dela jakin dute. Bilbon, Bilbo Zaharreko denda bat arduratzen zen dokumentu faltsuak banatzeaz.
Banketxeetako iruzurrak
Abenduan hasi ziren aipatu taldea ikertzen, pertsona batek Bilboko banketxe batean txeke eta nortasun agiri faltsuak erabilita 7.000 euro kobratu zituenean.
Egun batzuk geroago beste pertsona bat atxilotu zuten Bilbon bertan nortasun agiri faltsu batekin sakelako telefono batzuk erosten saiatu zenean.
Euskal Herriko beste hainbat banketxetan aurkitu dituzte Frantziatik, Irlandatik, Australiatik eta Alemaniatik iritsitako txeke faltsuak, 43.000 euroko bat tartean. Bizkaian azken urtean trikimailu horien bitartez 200.000 euroko iruzurra egin dutela uste dute.
Sakelako telefonoak eta ordenagailuak
Dokumentu faltsuekin sakelako telefonoak eta informatika gailuak erosi ohi zituzten, gero bigarren eskuko dendetan saltzeko.
Poliziak epailearen esku utzi ditu dagoeneko atxilotutako 21 eta 45 urte arteko ustezko gaizkileak.