Gizartea -
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA
Scarsella Fireworks piroteknia italiarrak irabazi du su artifizialen Urrezko Maskorra
Bigarren postua Madrilgo Vulcano pirotekniak eskuratu du, hirugarrena, berriz, Castelloko Hermanos Caballer konpainiak.
EITB.EUS
Italiako Scarsella Fireworks piroteknia Donostiako Aste Nagusiko Su Artifizialen 56. Nazioarteko Lehiaketaren irabazle hautatu dute. Konpainiak bere lehen parte-hartzean lortu du Urrezko Maskorra.
Bigarren saria Madrilgo Vulcano konpainiari eta hirugarrena Castelloko Hermanos Caballer pirotekniari ematea erabaki dute epaimahaikide ofizialek, Victoria Eugenia Antzokian egindako bileran. Hermanos Caballerrek Urrezko Maskorra bitan eskuratu du dagoeneko.
Bestalde, Caballer pirotekniak Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi du aurten, eta Scarsella Fireworksi hasierarik ikusgarrieneko saria eman diote.
Guztira, 15.000 euro baino gehiago banatu dituzte. Urrezko Maskorra irabazi duen konpainiak 7.000 euro jasoko ditu; Zilarrezko Maskorraren irabazleak, 5.250 euro; eta Brontzezko Maskorrarenak, 3.500 euro.
Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak aurtengo edizioan parte hartu duten piroteknien maila altua nabarmendu du.